Gobernantza krisitik ateratzeko bidea hartu du Enargiak

Biltzar nagusia egin dute Enargiak eta I-Ener kooperatibek Uztaritzen. Proiektua kolokan eman duten kalapitak baretzeko lehen urratsak eman dituzte. Izan ere, urte hastapenean gobernantza arazo larriak salatu zituzten administrazio kontseiluko hainbat kidek, eta horrek Patxi Bergara zuzendariaren kanporatzea eragin zuen. Egoera horiek saihesteko lan sariei, gobernantzari eta balio partekatzeei dagozkien lantaldeak sortuko dituzte. Baina bereziki I-Ener eta Enargia gobernantza bateratu baten menpe ezarriko dute, bi entitateetako lansarien harmonizazioa bermatuz. Iban Lizarralde Enargiako presidenteak honakoa adierazi du:

Bide hori egiteko hiru zuzendari delegatu izendatu dituzte: Marie-Pierre Arrieta Scop Atelier Lan Berrikoa, Jean-Michel Berra Sokoako zuzendari ohia eta Marion Pichery Bizi mugimenduko kidea. Haatik, Patxi Bergara zuzendari ohia sustengatu zuten Enargiako langileetarik bik kontratua haustea deliberatu dute. Arnaud Boudou bilakatu da Enargiako zuzendari orokorra horrela mintzatu da:

Administrazio kontseiluko Timothée Acheritogarayk eta Joseph Bergarak ere kooperatiba utziko dute

 

Amaia Larralde: «Iparraldeko 14 pilotarik uko eginen diogu Frantziako selekzioari»

Frantziako edo Espainiako selekzioen izenean jokatzeari uko egin diote Euskal Herri osoko 30 pilotarik. Horietatik 14 Ipar Euskal Herrikoak dira. Ekainaren 29an agerraldia eginen dute Hendaiako Daniel Ugarte Beltzenia frontoian, «Euskal pilota, selekzioa orain» lelopean. Amaia Larralde pilotariak azaldu digunez Ipar Euskal Herrian abiatu da egitasmoa: «ondotik sartu dira hegoaldekoak desmartxan». Frantziako Pilota Federakuntzak bere onespena eman dio Euskal Herriko selekzioari, baina «blokeoa Espainiako federakuntzatik heldu da».

Ikasle guttik ukan dute aukera baxoko ahozko handia euskaraz egiteko

Aste honetan abiatu dute terminaleko ikasleek ahozko handiaren azterketa. Ahozkoa, urtean zehar ikasleek hautatu duten gai berezituaz da, bi erakasle epaileren aitzinean aurkeztu behar dutena 20 minutuz. Joan den astean, erakasle elebidunek aipatu bezala, euskaraz azterketa pasatzeko aukera eskainia izan zaie ikasle euskal hiztunei. Baina azterketa guneetara hurbilduz, aukera hori guttik izan dutela erran digute. Horrez gain, Cassin lizeoan, epaile ziren erakasleei bakarrik frantsesez notatzeko manua eman zaie. Uztailaren hirua arte luzatuko da ahozko handiaren azterketa.

Pantxoa Etxegoin: «Euskararen diagnostiko bateratu bat erdietsi nahi dugu Iparraldean euskara biziberritzeko»

«Euskararen biziberritzea Ipar Euskal Herrian» jardunaldia antolatzen du ostiral honetan Baionan Euskaltzaindiak. Euskararen alde egiten dena eta ez dena eztabaidatzeko mementoa izango da. Eragileak eta politikariak bilduko dira egun osoan. Euskararen biziberritzea 2030 urtera begira jarriko dira Euskal Konfederaziokoak, Euskararen erakunde publikotik edota hirigune elkargotik. Parte hartuko dute Xabier Parilla Baionako hizkuntz politikaren arduradunak, Maider Behotegi Euskararen Erakunde Publikoko buruak, Andde Sainte Marie Eskualdeko kontseilariak edota Antton Kurutxarrik elkargoko lehendakari ordeak. Jean René Etxegarai hirigune elkargoko buruak eta Andres Urrutiak Euskaltzainburuak egingo dute hasierako ekitaldia. 9.30etatik goiti abiatuko da eguna Baionako herriko etxean.

Makeako auzapezaren kontrako tindaketa berriak herriko etxeko murruetan

Makeako herriko etxearen murruetan Alain Dubois auzapezaren kontrako tindaketa laidogarriak agertu dira berriz ere. Urtarrilean ere gisa bereko tindaketak agertu ziren, eta Baionako auzitegiak 9.000 euroko kalte ordainak ordaintzera kondenatu zuen 40 urteko gizon bat. Herriko etxeak jakinarazi duenez, salaketa pausatu dute eta poliziak ikerketa abiarazi du.