Apartamendu turistikoen gaineko iruzurrek ez dute etenik. Hala baieztatu du atzo Alda mugimenduak egin duen ekintzak. Miarritzeko etxe batera hurbildu dira mugimenduko hainbat kide, etxejabe batek ez baitzuen deklaratua bere apartamendu turistikoa. Orotara zazpi lege-hauste bazirela salatu du Aldak: bost urtetan alokairuan zen emazte bat kontraturik gabe du nagusiak, bigarren etxebizitza batean erretretadunak ditu alokairuan urtea finitu aitzin kanporatuak izateko, eta katastroan ez ziren deklaratuak. Tentsio uneak bizi izan dira nagusiarekin eta polizia deitua izan da.
Adimen artifizialak gure mundua aldatuko du. Teknologia horren baliapena alor militarretik, enpresetara iragan da azken urteetan. Ipar Euskal Herrian SportPXL enpresak aplikazio bat garatu du kirol ekimenetako irudietan ageri diren kirolariak automatikoki identifikatzeko. Bereziki, kirol norgehiagokak segitzen dituzten argazkilarien lana erraztu nahi lukete, irudiak automatikoki sailkatu ahal izateko eta sareko bilatzaileetan errazago atzeman ahal izateko. Orain arte, lasterketa, errugbi edo zangobaloi norgehiagoetan baliatu izan da SportPXL enpresak garaturiko teknologia berri hau.
Urzoak ihiztatzeko lepoen prezioa %10 apaldu da. Xiberoako mendi sindikatuak mendi lepo eta etxolen antxerak egin ditu asteburu honetan Atharratzen. Berrehun pertsona hurbildu dira herriko merkatu estalira, heldu diren hiru urteendako ihiza gunearen baimena erdiesteko. Mendi lepo karioena baliatzeko eskubidea 42.000 eurotan eskainia izan da, eta orotara, 100.000 euro eskuratu ditu mendi sindikatuak. Haatik, 37 etxoletatik 12 baizik ez dira alokatu; nolanahi ere, azken urteetan bezala, maiatza bukaera arte proposamenak egiten ahalko dira.
Karmele luze metrajeren filmaketak egin dituzte joan den astean Baiona, Zuraide eta Uztaritzen. Filma, Kirmen Uribek idatzitako «Elkarrekin esnatzeko ordua» eleberrian oinarritzen da eta Asier Altunak zuzentzen du. Karmele Urresti erizain gazteak 30. hamarkadako gerla zibilaren garaian nola biziraun zuen, bere pasio eta engaiamendu politikoaren historia kontatuko du filmak. Ipar Euskal Herriko Gastibeltza Filmak proiektu honen partaide da.
Lehen zena bilakatu zen berriz ere atzo Herri Urrats. Nahiz eta goizean zirimiria izan, jendea ez da beldurtu eta antolatuak ziren gune ezberdinak mukuru bete dira. Ekitaldi ofizialean ere urtero bezala bildu ziren ordezkari politiko, Seaskakoak, eta euskalgintzakoak. Bi gai nagusi, euskalgintzaren finantzamendua alde batetik, euskarak aitzina egin dezan diru gehiago behar baitu, eta azterketak euskaraz egiteko aldarrikapena bestetik, Etxepare lizeoko ikasleek mobilizatu egun batera deitzen baitute maiatzaren 17an.