4.400 metroko erronka Nepalen, joelette kadira batekin

Nepalgo Kyanjin Ri mendiko kaskoan, burmuineko elbarritasun batekin. Hegoak Mendian kirol elkarteak joelette errotadun kadira batekin igan ditu 4.400 metroak. Bastien kirolari elbarri gaztearekin batera, kirol elkarteko 14 kidek bat egin dute abenturarekin. Maiatzaren 6an hartu zuten mendean Kyanjin Riren kaskoa, eta joan den igandean arribatu ziren Ipar Euskal Herrira. Helburua erdietsi dute, baina ez oztoporik gabe; izan ere, joelettaren errota zulatzea, mendiko mina... Nolanahi ere, esperientzia ezin hobea izan dela segurtatu dute mendizaleek.

Idurre Eskisabel: «Euskararen normalizazioa eraldaketa sozialeko prozesu bat da; eta diru inbertsio handia behar du»

Korrikak Euskaraldiari eman dio lekukoa. Euskaraldia 2025eko maiatzaren 15etik 25era iraganen da. Herritarren bultzadak urrats berri bat eman diezaien euskararen aldeko politikei. Euskalgintzaren kontseilua eta eragile nagusiak elkartu dira politika publiko indartsuak aldarrikatzeko. Toki sinboliko bat hautatu dute horretarako, Baionako herriko etxeko plaza, Korrika bukatu zen gunea. Idurre Eskisabel Euskalgintzaren Kontseiluko buruak zehaztu duenez «gizarte engaiamenduak, botere publikoen engaiamendua baitezpadakoa du». Euskararen normalizazioa, «justizia soziala» erdiesteko prozesua dela babestu dute, eta erronka horrek «inbertsio publiko handiak» behar dituela azpimarratu dute.

Mattin Irigoien: «Berrikuntzak frantsesaren eskutik heldu badira, zaila izanen da geroan euskaraz bizitzea»

Nola ezar euskara, gal-bidean, ahal-bidean eta zabal-bidean? Galdera horri ihardukitzen entseatuko da Mattin Irigoien Zabalik elkarteko kidea, ostegun honetan eskainiko duen mintzaldian. EHZ elkarteak luzatu dio gomita gai horren jorratzeko. Besteak beste, hitzaldiak hezkuntzaren, historiaren, estatistiken, hizkuntza komunitatearen eta elebitasunaren gaiak trabeskatuko ditu.

8.800 euroko zigorra Ostiako lau kiderentzat, Marieniako proiektuaren kontrako ekintza batengatik

Baionako auzitegiak 500 euroko isunera kondenatu ditu Ostia kolektiboko lau auzipetuak. 2022ko abenduan Angeluko Bouygues Immobilier agentziako bulegoa eta maketa bat andeatzeaz akusatuak ziren. Prokuradoreak, aldiz, 1000 euroko isuna galdegiten zuen ekintzako partaide bakoitzarentzat. Isunaz gain, abantzu 6.000 euroko kalte ordainak ordaindu beharko dizkiote auzipetuek Bouygues promotoreari, baita 800 euroko abokatu gastuak ere. Hatz markak eta DNA ez emateagatik aldiz errugabetuak izan dira; epaileak adierazi du militanteak eta pertsona ezagunak izanik ez dela arrazoirik DNA eskatzeko. Marieniako laborantza lurren defentsan, mobilizazio eguna ospatuko dute maiatzaren 25ean Kanbon.

Hazparneko herriko etxeko atea hausteagatik 5.000 euroko isun galdea gibelapenarekin

5.000 euroko isuna gibelapenarekin eta beste 750 euro irainengatik eskatu ditu prokuradoreak André Hirigoien Makeako laborariarentzat. Urte hastapen honetan, Hazparneko herriko etxeko atea hautsi zuen eta Makeako auzapezaren kontrako tindaketak egin zituen, eraikitzeko baimen bat ez onartzeagatik. Auzapez ainitzez inguraturik hurbildu dira Isabelle Pargade eta Alain Dubois auzapezak epaitegira. Erabakia maiatzaren 28an jakinen da.