Biarritzeko herriko etxean zazpigarren auzapez ordea da Brice Morin abertzalea, Serge Blanco auzapezaren gehiengoan. Gazteria, euskara eta eskolen arloez okupatzen da kontseilu berrian. Lehen xedea Maider Arostegi aitzineko auzapeza kanporatzea zela, oroitarazi digu Goiz Berri emankizunean egin elkarrizketan, eta herritarrekin harreman zuzena berreskuratzea.
Lehen kontseiluan hartu zuten deliberoa, hots, Aguilera guneko bizitegi proiektua bertan behera uztea, arras normala izan zela gehitzen du, proiektu horrek ez zuelako biarriztarren sustengurik. Aguilera higiezin proiektuak barne zituen 250 bizitegien ordez, 160 etxebizitza sozial eginen dituztela, dio Morinek, ondoko urteetan sortuko dituzten auzo berrietan. "Aguilerako proiektua harrigarria zen, eta ez zen batere biarriztarrek nahi zutena; gune hori kirolarentzat atxikiko da. 250 etxebizitza ziren hor aurreikusiak, baina, 160 ziren soilik sozialak, eta horiek guk atxikiko ditugu Aguilera inguruan sortuko diren hiruzpalau auzoetan".
Biarritzeko herriko etxea 2,5 milioi euro pagatzera behartua da urtero SRU legearen arabera, bizitegien %25 sozialak izan behar baitute. Biarritzen %11 baino ez dira sozialak Horren aldatzeko solasean ari direla prefetarekin gehitu digu Brice Morin hautetsiak.