Uztailean, buruko eritasunei buruzko biltzarra antolatu zuen Alzheimer's Association nazioarteko elkarteak Londresen. Bi aspektu nagusi aipatu ziren: alde batetik, Alzheimerraren progresioa oztopatzen duten erremedioen emaitzak eta kudeaketa, eta bestetik diagnostiko goiztiarraren inguruan izan dira hobekuntzak, eta oraino gehiago hobetzeko proposamenak.
Azpimarratua izan da gaur egun esperientzia gisa baliatzen diren Donanemab eta Lekanemab erremedioen emaitza positiboak, eta baita diagnostiko goiztiarraren arloan izan diren aintzinamenduak ere. Hala ere, Europar Batasuneko herri gehienek ez dituzte osasungintza publikoaren baitan onartu, duten kostu handia kontutan harturik.
Miren Altuna neurologoa eta CITA Alzheimer fundazioko ikerlaria da, eta narriadura kognitiboan berezitua da Gasteizko ospitale-unibertsitatean. Biltzarrean izan da, eta aintzinamendu zientifikoak txalotu baditu ere, kudeaketa aldean dena ez dela lortua azpimarratu du.
"Batez ere, mezu baikorra izan zen zientziaren ikuspuntutik, esango genuke. Tristeagoa edo goibelagoa izan zen ikustea hainbat herrialdek ba, ikerketak lortzen dituen urrats horiek sistema publikoan jartzeko jartzen ari diren trabak. Ze, azken finean, neurri batean ulertu behar da alzheimerra oso gaitz ohikoa dela, milaka eta milaka pertsonari eragiten diola, eta, hortaz, batzuetan zalantza sortzen da.
Eta ulergarria ere bada, kudeatzaileen ikuspuntutik, zenbaterainoko kostuak ekar ditzakeen horrelako tratamendu garesti bat jartzeak, baina, era berean, ez dela epe laburrera pentsatu behar. Eta mesede klinikoak baldin baditu eta Europar Medikazio Agentziak ziurtzat eta erabilgarritzat jarri badu, zergatik ez den jartzen geurean? Orduan esango genuke Zientziaren ikuspuntutik oso baikorra izan zen biltzarra, eta gestioaren aldetik, ba, bueno, itxaropentsu, hartu diren erabaki ez hain baikorrak aldatzeko gai izango ote garen ebidentzia aurkeztuz".