Peio Jorajuria

·

Euskal Konfederazioa

«Aniztasun handia dago Euskararen Barometroaren emaitzetan, eta biziki interesgarria da»

Aniztasun handia dago Euskararen Barometroaren emaitzetan, eta biziki interesgarria da
Euskal Konfederazioak urtarrilean aurkeztu zuen Euskararen Barometroa. EUSKAL IRRATIAK
Esteban Bastié Aguerre
2026/03/12 07:30

Herriko bozen atarian, Euskal Konfederazioak euskararen aldeko engaiamenduaren barometroaren emaitza publiko egin du. Tresna horren bidez, herriko bozetan aurkeztuko diren hautagaiak interpelatu ditu Euskal Konfederazioak, euskararen alde zer engaiamendu hartzeko prest diren jakiteko. Urtarril erditik martxoaren 7ra arte, 180 zerrendari bidali diete galdetegia. Azkenean, 27 herritako 38 zerrendek beren engaiamenduak jakinarazi dituzte.

Barometroak 20 neurri proposatzen ditu, bost ardatzen inguruan antolatuta: hizkuntza politikaren baliabideak, euskararen transmisioa, erabilera, prestigioa eta ikusgarritasuna. Euskal Konfederazioak gomendatu die hautesleei erantzunak xehetasunez aztertzea: zenbat neurri onartu dituzten, neurri bakoitza nola gauzatzeko asmoa duten, eta galdetegiaren bukaeran hautagaiek egindako ohar edo ekarpen gehigarriak.

Konfederazioko kideek baikorki baloratu dute erantzunen kopurua eta aniztasuna. Hala ere, azaldu dute galdetegiari ez erantzuteak ez duela zertan esan nahi euskararen aldeko konpromisorik ez dagoenik. Izan ere, hautagaitza batzuek neurriak jada beren programetan jaso dituzte. Konfederazioaren arabera, gaur egun euskara gero eta adostasun handiagoko gaia da; horregatik, zerrenda batzuek agian ez dute beharrezkotzat jo galdetegiari erantzutea.

Emaitzak osorik kontsulta daitezke Euskal Konfederazioaren gunean. Bestalde, Konfederazioak azpimarratu du Barometroaren helburua ez dela hautagaiak lehian jartzea. Tresna gisa aurkeztu dute, herriko bozen ondotik herriz herri euskararen aldeko urrats konkretuak bultzatzeko. Herritarrei ere dei egin diete tresna hori bere egin dezaten eta, Konfederazioarekin elkarlanean, hautetsiek hartutako engaiamenduen segipena egiteko, tokian tokiko hizkuntza politikak neurtu eta Ipar Euskal Herri mailako argazkia erregularki osatzeko.

Publizitatea

Interesgarri izanen zaizu