Oihane Mendizabal eta Fanni Larre

·

Arkeologo-zuzendariak

«Arteketa-Kanpaita santutegi bat baino gehiago postu militarra izan ote zen jakin nahi dugu»

Arteketa-Kanpaita santutegi bat baino gehiago postu militarra izan ote zen jakin nahi dugu
Arteketa-Kanpaitako indusketak, Uharte Garazin. EUSKAL IRRATIAK
Ainize Madariaga
2026/08/31 15:48

Arteketa-Kanpaitako aztarnategi arkeologikoan (Uharte Garazi, Nafarroa Beherea) indusketak egin dituzte agorrileko hondar bi asteetan. Eiheralarre eta Uharte Garazi juntatzen diren tokian berean, kasik 800metroko altueran.
Bideak markatzen du lurralde osoaren ardatza eta antolaketa. Ordoki horrek Kanpaita du izena eta garai ezberdinetako aztarnak atzeman izan zaizkio. 1984ean, konparazione, Jean Luc Tobby arkeologoak bilaketak egin zituelarik harriak atzeman zituen, bai ere erromatar garaiko txanponak. Berak ondorioztatu zuen santutegi bat izan zela.

Geroztik, Eusko Arkeologia elkartea bezalako elkarteek ikerketak segitu zituzten, eta hainbat objektu militar: aizkorak, lantza-puntak, militarren jantzietako apaingarriak... Gehienak erromatar garai berantiarrekoak dira. Alta, garai horretako biziki aztarna guti bide dira, IV. mendetik VI.mendeen artean. Hala, biziki interesgarria zaie arkeologei.

Aldi honetan, Atea proiektu orokorraren baita, indusketa hauek egitea pentsatu zuten, datu berriak bilatzeko, identifikatu ahal izateko gune hori xuxen zer izan zen, izan ote zen santutegi bat baino harago, postu militar bat edo lurralde edota bidearen kontrolarekin zerikusia zukeen gune bat izan zitekeela.

Karia horretara, dozena bat jende bildu da, adin eta eskualde orotarikoak.

Oihane Mendizabal arkeologoak eta indusketa hauen zuzendarietako batek oroitarazi digu Euroeskualdearen Ate+ ikerketa-proiektuaren baitan sartzen dela ikerketa hau. Xedeak ditu, bil dadin arkeologiaren inguruan Euskal Herri osoko jendea eta elkarren artean metodologiak trukatzea, guneen ezagutzea, lankidetza, formakuntza... Izan ere, usu, Euskal Herritik kanpo alde egin behar izaten dute arkeologia praktikatzeko.

Oihane Mendizabalek salatu ahal izan du, bidearen oinarria izan daitekeela atzeman duten galtzada. Momentuz ezin dute erran horren inguruan edo gainean egitura gehiago ote zegoen, esperoan baitira, Carbono 14aren datazioak zer erakutsiko duen.


Oraingo egunean Donejakue bidea pasatzen den bezala, garai hartan Garaziko lautadan Donazaharreko herria eta Pirinioen isurialdearen arteko lepoak lotzen zituen; Orreaga, Errozabal eta Auritzen den aztarna erromatarra [Zaldua] lotzen zituen.

Kontrol gunea izanen zela uste dute, lurraldea ongi kontrolatzeko gune oso estrategikoa baita. Garazitik iganez lehen ordokia baita. Erran behar da erromatar garaiko konflikto-aztarnarik atzeman ez badute ere, presentzia militarra baieztatzeko datu aski dute.

Materialaren aldetik, Mendizabalek onartu du, aski material pobrea bildu dutela, metalezko objekturen bat edo beste, baina lurraren azidotasunak andeatu ditu sobera. Hala, laborategiko lanak zer erakutsiko duen jakin arte, beha egon behar dela azpimarratu du.

Fanni Larre da bigarren arkeologo-zuzendaria, lagundu digu kokatzen zeren baitan sartzen den Arteketa-Kanpaitako indusketa. Auritzetik Larzabaleraino doan ardatza aipatu digu, baina ez bakarrik, Mattin Aiestaran ari baita ere Altzürükün.
PCRATEA eta ATE+ ikerketak baloratzeko eta formakuntzak egiteko sortu dira, haien zuzendariak dira Hades enpresako Fanni Larre eta Aranzadi zientzia elkarteko Oihane Mendizabal. Gainera, Bordeleko, Paueko, Gasteizko eta Iruñeko unibertsitateekin elkarlanean ari dira, baina ez bakarrik; elkarteek ere esku hartzen baitute, Eusko Arkeologia edo Idea elkarteak konparazione. Orain arteko jakitateak biltzea dute xedea elkarlan hauen bidez, eta datu guziak uztarturik, sintesia baten egitea.

Erromatar garaian berezituak dira Larre eta Mendizabal, baina auzo-garaiak ere kontutan hartu behar dituzte, hainbat azalpen ukaiteko.

BI astez indusketetan aritu da Santi Sansinena, arkeologia-ikaslea. Azkaindarra da bera. Ez du lehen aldia Aranzadiko indusketaren batean parte hartzen duela, "kristoina" iduritzen zaio, eta "poza" dela indusketa horietan parte hartzea.

Anik Donostiatik jin da, Gasteizen ikasten du historia. "Gustura" dagoela erran du, "anitz" ikasten ari dela aitortu du: Historiaurrean aritu zelarik ezin zuen pikotxa erabili, adibidez, garai bakoitzak bere indusketa-metodologia baitu. Erantsi du ere, teoriatik praktikara pasatzeko parada dela Arteketa-Kanpaitako indusketetan aritzea, eta, "askoz" gehiago entelegatzen dituela hainbat gauza; kurtsoetan, teorian baizik ez geldituz, konprenituko ez zituzkeenak.

Interesgarri izanen zaizu