Joanes Curutchague

·

Artzaina

«Azken asteetako beroak ez du deus lagundu; iturriak agortzen ari dira, eta eritasunak hor dira»

Azken asteetako beroak ez du deus lagundu; iturriak agortzen ari dira, eta eritasunak hor dira
Joanes Curutchague lekondarra artzaina da Larraineko Arranolatzeko etxolan. IRULEGIKO IRRATIA
Xarlot Etxeberri
2026/07/30 10:36

Arranolatzeko etxolara joanez, dudarik ez. Bazterrak idorrak dira, belarra horia, eta han ere, freskotasuna arraroa. Joanes Curutchague han artzaina da, Larraineko Erroimendiko lepotik hurbil. 28 urteko lekondarrak lehen sasoina du artzain gisa Xiberoko mendietan. Uda guziz bezala artzainak Ipar Euskal Herriko mendietako begirale bilakatu badira azken aste horietan, aurten egoera berezia da: berote handiek mendian ere arrangurak sortzen dituzte.

Arranolatzen bost tropa eta 1.000 ardi zaindu behar ditu Joanesek, eta artzain gazteak ez du aroa lagun. Azken urte horietako tendentzia argia bada, aurtengo berotea nabarmentzen dute esperientziadunek. Iazkoa ere kezkagarria izan bazen ere, uda honetakoak bere luzetasunarengatik harritzen du. Seinale argiena tropari so atxemaiten dute. Emekiago ibiltzen da, energia guttiagorekin, eta usai berriekin.



Eritasunen garapena, ur eskasia eta bazkaren idortzea: artzainen arrangurak

Ordokietan bezala, Xiberoko mendietako iturriak agortzen ari dira ibar guzietan. Nahiz eta Arranolatzeko etxolakoak ez duen oraindik arazo handirik, etxola auzoetan egoera larriagoa da eta iturri batzuk agortu agortuak dira. Usu bezala laborantza munduan, elkartasunean bizirik da aterabidea. Egun guziz, Larraine herriko langilea joan jinka ibiltzen da ura ekartzeko, Erroimendiko lepotik beste etxoletara.

Bazkari dagokionez, idorra izan arren, igaiten badira belarra errazki atxemaiten dute kabalek momentukotz. Horretan aldatzen da artzainen lana berote handi horien garaian. Ardiak goizago igortzen dituzte gainera, beroegi izan gabe. Bestenaz, kabalak ez dira gehiago aitzinatzen, ez dute energiarik mugitzeko, eta metatzen dira. Aldiz behin gainean instalatuta, airea lagun, 22:00ak arte egon daitezke. Hala ere, azpimarratzekoa da kabalak toki berrietara joaiten direla belar berriaren xeka. Toki horiek lanjerosak izaiten ahal direnez, istripuak gertatzen dira.

Baina artzainaren ikupundutik arazo nagusia ez da, ez bazkari, ez urari lotua momentuz, baizik eta eritasunei. FCO eritasuna izugarri presente da uda honetan, eta beroak bere eragina du epidemia hastapen horretan. Beroteek eritasunen garapena bultzatzen ditu, aztikot eta harren presentziaren bidez. Horri, batez ere, kasu egin behar du Joanes. Denbora hartu behar du artatzeko, zaintzeko, eta sustut arranoen atakez babesteko. Haiek ere, parada guziei kasu egiten dute, tropengandik biziki hurbil egonez eta isolatzen eta bizirik den ardi bakoitz atakatuz.

Ororen buru, arrisku handiena litzateke kabalen goizago jaustea. Baina Joanesen arabera, momentuz bere tropa ez da horretan, eta egunez egun ibiltzen dira egoeraren aldaketei so. Izan ere, euri ezti bakoitzak laguntzen du epe laburrean, bazterrak freskatzeko, belarra berriz pusatzeko, baita iturriak berriz betetzeko ere.

Interesgarri izanen zaizu