Pantxoa eta Peio Azken dantza hau izeneko biran murgildurik daude. Euskal Herrian barna ibili eta ibiliko dira, eta Barakaldoko BECen emanen diote bukaera birari, hurrenez hurren, urtarrilaren 9an eta 10ean.
Bestalde, beren ibilbidea hizpide duen liburu bat ere argitaratu berri dute : Kantari Herriari. Liburu hori ontzeko, Iñaki Etxelekuren lumara jo dute. Azaroaren 26an, 7etan, aurkeztuko dute Biltxokon Baionan.
Peio Ospitalen iritziz, azken bira honek beren bikoteari azken « pundua » emateko balio die, eta ilusio handiz oroitzen da hasi ziren garaiez. Izan ere, kantari horien ibilbidea ezin da ulertu testuinguru orokorretik kanpo. Garai hartan, pizkunde garaian, mugimendu sozial eta politiko handia zegoen Euskal Herrian, eta kantagintzak jakin zuen bere ekarpena egiten. Hainbesteraino, non, batzuetan, zapalkuntzen ondorioz, « euskal naziotasuna adierazteko modu bakarra ere bihurtu baitzen», Peiok dioen bezala.
Azken bira honetan, beraz, Euskal Herrian haientzat garrantzitsuak izan diren tokietan jo eta joko dute, eta beren ibilbidean bidelagun izan dituztenei ere lekua eginen diete. Bestalde, hainbat sorpresa ere izanen direla aurreratu digute BECeko emanaldirako. Kontzertu horiek Peio Reparazen kolaborazioarekin prestatu dute.
BECeko kontzertuak baino lehen, barnealdean, Irulegiko eta Amikuzeko irratien aldeko kontzertu bat eskainiko dute Baigorrin, abenduaren 13an.