Agnès Lassallen hiltzailearen auzia astearte honetan hasi da Pauen
Duela hiru urte (2023ko otsailaren 22an), 16 urteko ikasle batek, Agnès Lassalde 53 urteko gaztelania edo espainol irakaslea hil zuen ganibet ukaldiz (labankadaz), Donibane Lohizuneko Saint-Thomas d'Aquin lizeoan. Astearte honetan abiatu da epaiketa adingabeen zigor-auzitegian, Pauen. Ateak hetsirik iragaten ari da, ostiralera arte. Eta egun horretan eman beharko lukete erabakiaren berri epaileek.
Txosten psikiatrikoen arteko borroka izanen da
Gaur egun 19 urte dituen lapurtar gazteak, gehienez hogei urteko presondegi-gaztigua ukan dezake. Baina zigor hori aldatzen ahalko liteke kontuan hartuz zer egoera psikiatrikoan zen gaztea gertakarien mementoan. Epaileek erabaki zaila hartu beharko dute, txosten psikiatrikoak elkarren kontra baitoaz. Hori izanen da epaiketa honen auzi nagusia. Nerabeak senideei azaldu zien lehenago botzak edo ahotsak entzuten zituela, eta gertakariaren egunean "botz ttipi" bat segitu zuela, hilketa egitera bultzatzen zuena. Baina lehenik aztertu zuten psikiatra bakar batek ere ez zuela nahasmendu psikotikorik atzeman. Eta Bordeleko psikiatra baten lehenbiziko txostenak zion erantzukizun edo ardura osoa bazuela gazteak. Haatik, bi psikiatrez eta farmazialari batez osatu talde baten kontra-txostenak duda edo ñabardura gehiago ekartzen du. Honek dio ikasleak depresio larria bazuela eta erremedioak hartzen zituela. Epaitegiak hori onartzen badu, zigorra heren batean murriztuko da.
COVID, kanpoko bortizkeria, familien baitako arazoen eta drogen mendekotasunen ondorio latzak pairatzen dituzte gaur egungo gazteek
2023ko gertakari tragikoak oihartzun handia ukan zuen, nerabeen osasun mentalari eta ikastetxeetako segurtasunari buruzko eztabaida piztuz. Orduan Baionako ospitalean ari zen Elorri Amestoy psikiatriak parte hartu zuen berehalako arta psikologikoa ikaskide eta irakasleei ekartzeko. Orokorki gazteak gaizki direla ohartzen dira berezituak eta Frantziako gobernuak ez dituela behar diren baliabideak ezartzen gero ta gehiago emendatzen ari den gazteen gaizki izateari buru egiteko aitortu digu Elorri Amestoyek.