Otsailaren 6an emanen dute mintzaldia libertimenduez Xan Berterretxe eta Iñaki Etxelekuk, Ortzaizeko haurtzaindegian, 18:30etan.
Libertimendua urrunetik edo guti ezagutzen dutenei begira pentsaturik galdegin diete hitzaldi honen ematera, kode ezberdinen esplikatzeko. Moda-efektua azpimarratu dute hizlariek, eskoletan ere hasi baitira haurrer eginarazten libertimendua.
Alta, ohartarazi dute libertimendua, Europa osoan bezala, hemen ere gazteek beraien gain hartzen duten ihauterietako erritu-forma bat dela. Hala, jendea arrunt libre bada ere, kontradikzioa ikusten dute horren eginaraztea haurrei.
Horregatik, ihauteri-erritu bezala, libertimenduaren baitan zer baden oroitarazi nahi dute.
Berez, infrentzuaren ideia bada libertimenduan; egunerokoan botererik ez duten horiek hartzen baitute lorduan, eta, gazteen heziketa gune eta unea ere badela aitzinera eman dute, haien politizatzeko momentua dela, haien espazioa, haiek beraiek deliberatzeko gauzak nola erran eta egin.
Unibertsitateko ikerketa-gai bilakatu den heinean, libertimenduaren gainean kanpotik jiniko funtzio edo helburu politikoak ezarri zaizkie, ekarriz horrekin batera, libertimenduaren berezko ezaugarri konplexuetatik ateratzeko lanjerra. Antton Lukuren artedrama hitza baliatu dute, zeinak Libertitzeaz liburua sakonki landu baitu, libertimenduaren osotasunaren ideia hori ekarriz, hala baita: egungo egunean naturatik gizakia arrunt bereizia den honetan, dei egiten dute negu-udaberri arteko erritu honen bidez arra-pentsa dadin zer harreman duen gizakiak naturarekiko,
Bestalde, umorearen toki garrantzitsuaz mintzatu dira Berterretxe eta Etxeleku, baitute horrekin desafio ederra gazteek: bertzeak bertze, ironia eta satiratik nola kausitu umorea. Usu, zirtzilen taldeetatik partitu izan dira libertimenduak, nahiz eta, Baigurako libertimenduan bolanteei nahi izan dieten garrantzia gehiago eman.
Erritu hau kontrastez egina dela ere oroitarazi dute, beraz, zirtzilaren umoreak oraino gehiago funtziona dezan behar du ondoan bolante ezin serioagoa.
Funtsezkoa ikusten dute libertimenduaren beste funtzioa: bere buruaz irri egiteko gai den gizartea (sare sozialetako umorea baztertuz), bere burua hain serioski hartzen ez duen gizartea, irauteko gai izanen da.
Bukatzeko, libertimenduko parte hartzaileak oro pertsonaiak direla azpimarratu dute, eta horretaz kontzientzia hartzeko zailtasunaz ohartuak dira mintzalariak. Baliko dantzariak edo Indiako Kataliak ekarri dituzte adibide gisa, antzerki oso bat dela erran dute, artedramaren parte baitira; ez dira dantzariak, usu mendebaldeko begietatik ikusi daitezkeen gisan. Hala, kanpoan ikusten dena etxerat ekarri nahi dute.