Beroteak eta azken asteetako tenperatura handiek idortearen lehen ondorioak agerian utzi dituzte Ipar Euskal Herrian. Egoera horren aurrean, Prefeturak alerta egoeran ezarri ditu Hazparne eta Orzaize, ur edangarriaren baliabideak zaintzeko.
"Ipar Euskal Herriko uraren baliabide sistema prentsatua izan delarik, ura bazen urte osoan, orain ohartzen gara ura gutxi dugula udan, horregatik biziki fite tentsionatzen gara. Ipar Euskal Herriko uraren baliabide sistema gogoetatua izan zen bere garaian, klima berezi batekin. Hemen badakigu euria egiten duela urte osoan, baina azken urteetan, aldaketa klimatikoarekin, urtean euria gutxiago egiten du eta udak gero eta lehorragoak dira», azaldu du Eneko Aldanak, Euskal Hirigune Elkargoko uraren kudeaketa eta saneamenduaren arduradunak.
Aldi berean, Euskal Hirigune Elkargoak arreta berezia jartzen du lurraldeko ur-baliabideen jarraipenean. Erreketako ur mailak astero neurtzen dituzte, eta bildutako datuen arabera egokitzen dituzte hartu beharreko neurriak. «Ez dugu ur biltegi handirik. Beti funtzionatu dugu euri erregularrarekin; euririk ez denean, ur baliabideak biziki fite tentsionatzen dira», gehitu du Ziburuko auzapezak.
Azken hilabeteetan izandako bero boladek ere egoera larriagotu dute. «Azken hilabeteetan bero boladak izan ditugu, eta euriterik ez da izan. Horrek ekarri du Ipar Euskal Herria biziki fite ur krisi egoerara iristea», dio Aldanak. Gainera, ekaineko datuek egoeraren larritasuna berresten dute: «Ekaineko hilabete honetan, azken urteekin konparatuz, %86ko eurite beherakada izan dugu».
Aterabideak epe laburrean eta epe luzean
Eneko Aldanak azaldu duenez, epe laburrean uraren erabileran murrizketak ezartzea baztertu gabe, lehentasuna lurraldeko ur sarea indartzea da. Horretarako, hainbat interkonexio proiektu garatu nahi dituzte, gaur egun Hazparne eta Orzaize ez baitaude gainerako sareari lotuta. Horrek zaildu egiten du ur baliabideak eskualde batetik bestera bideratzea, beharrezkoa denean, jadanik kasua delarik sarearen parte handi batentzat.
Epe luzerako estrategiaren baitan, ur-hodietako galerak murriztea ere helburu dute. Horrez gain, uraren tratamendua eta berrerabilpena hobetzeko irtenbide berriak aztertzen ari dira, klima aldaketaren erronkei aurre egiteko. Eneko Aldanak azaldu digunez, datozen urteetan ezinbestekoa izanen da azpiegiturak egokitzea eta baliabideen erabilera jasangarriagoa sustatzea, lehorte garaiak gero eta ohikoagoak izanen baitira.
Inguruko lurraldeei begira ere da Elkargoa
Datozen urteetan uraren kudeaketa erronka nagusietako bat izanen dela jakitun, Euskal Hirigune Elkargoa Europako hainbat lurraldeei begira da.
Joan den astean ur batzorde bat bildu zen, eta bertan gai horiek mahai gainean ezarri zituzten. Eneko Aldanak azaldu duenez, hemendik kanpoko esperientzietatik ikastea ezinbestekoa izanen da: «Nahi genuke beste lurralde batzuen esperientziak ere ezagutzera eman, izan hautetsienak, izan zientifikoenak. Gure uraren kontsumoari buruzko gogoetak elikatu beharko ditugu esperientzia ezberdinetatik».
Ildo beretik, uraren berrerabilpenean ikastekoa badela uste du Aldanak: «Ur zikinen garbiketatik datorren ura hobeki baliatzeko aterabideak bilatu nahi ditugu. Gaur egun, ur hori erreketara edo itsasora botatzen dugu». Horretarako, Hego Euskal Herrian eta Espainiako beste eskualde batzuetan martxan diren ereduei ere begiratuko diete: «Espainiako hegoaldean oso aitzinatuak dira gai horretan. Handik ere hainbat esperimentazio eta irakaspen berreskuratu nahi ditugu».