Migel Torre

·

Lau haizetara abesbatzako kide

«Denek elkarrekin bultzatu behar dugu polifonia, hori da inportanteena guretzat»

Denek elkarrekin bultzatu behar dugu polifonia, hori da inportanteena guretzat
Migel Torre Lau haizetara abesbatzako zuzendaria da eta hastapenetik du parte hartu Koruak abesbatza-topaketan. MINTZOAK
Ainize Madariaga
2026/10/23 12:32

Koruak abesbatza festibala zazpigarren aldikoz eginen da Baionan urriaren 23tik 25era, Ezin Aseak elkarteak akuilaturik. Migel Torre Lau Haizetara abesbatzako zuzendaria da eta hastapenetik du parte hartu.
Festibalaren xedeak biziki garrantzitsuak zaizkio: "Ezagutaraztea euskal kantu-korala, batez ere gizonenak eta mistoak. Bestalde, Baionan egiten bada ere, Ipar Euskal Herri osoko abesbatzen arteko trukaketak egitea. Bukatzeko, ondare polifonikoa transmititzea eta beraz partitura berrien sorkuntza akuilatzea".

Migel Torrek zehaztu du Koruak festibala, berez, tokian tokiko abesbatzen topaketa bat dela: Ainhoa, Angelu, Baiona, Basusarri, Hazparne, Maule, Donazaharre... Orotara 25 bat izanen dira.
Tokikoez gain, hala ere, festibalaren karietara, Bulgariatik eta Italiatik ere jinen dira abesbatzak.

Baionako toki "enblematikoetan" emanen dituzte emanaldiak: Katedralean, tenplu protestantean, San Andres plazako elizan eta San Izpirituko kolegiatan. Aurten, haatik, leku berria gehitu diote: Bonnat Helleu museoa.

"Denek elkarrekin bultzatu behar dugu polifonia, hori da inportanteena guretzat!"

Gaur irekiera-kontzertua emanen du Errenteriako (Gipuzkoa) Andramari abesbatzak, baina festibalaren egun nagusia bihar izanen da: Goizeko 10:30etatik goiti abesbatzek oren erdiko emanaldia eginen dute lau lekuetan: elizan, tenpluan, kolegiatan eta katedralean. Eguerdi eta erditan, goizean kantatu duten talde guziak batu eta bi kantu emanen dituzte.


Arratsaldean, 15:30an hasiko dira, eta goizean bezala, oren erdiko emanaldiak egin eta gero, 18:00etan juntatuko dira arratsaldean kantatu duten abesbatza guziak katedralean, eta bi kantu emanen dituzte.

Bonnat Helleu museoan, berriz, haurren abesbatzak ariko dira, lehen aldikoz parte hartuko duen Iparralai taldeak, bai ere, Ravel kontserbatorioko haurrek.

Migel Torre zuzendari den Lau haizetara abesbatza urriaren 24ean ariko da, larunbatean, 10:30etan, San Andres plazako elizan. Gomita egin du Torrek: "Batean edo bestean izanen da zer entzun, oren erdiro. Inportantea da joatea eta entzutea, ikusteko nola gauden polifoniaren aldetik!"

Egitarau osoa HEMEN.

Publizitatea

Interesgarri izanen zaizu