Adriana Urmeneta

·

Errigorako langilea

«Euskarak ausartak behar gaitu, espazioraino heltzeko!»

Euskarak ausartak behar gaitu, espazioraino heltzeko!
Adriana Urmeneta, Errigorako kidea. ERRIGORA
Ainize Madariaga
2026/11/05 14:39

Donapaleuko Bideak kulturetxeko auditoriumean Errigoraren Sustraitik espaziora dokumental berria erakutsiko dute, Amikuzeko eta Oztibarreko gau eskolek antolaturik, azaroaren 5ean, 19:00etan.

Dokumentalak erakusten ditu Errigoraren "tripak", larrazkeneko kanpainaren bilakaera ere, baina batez ere proiektu nazionala barnetik erakutsi nahi izan dute; bere historia. Dokumentalak eman die parada Euskal Herria alderik alde zeharkatzeko eta proiektuaz mintzatzeko, bai ere larrazkeneko kanpaina honen bultzatzeko.

Dokumentala erakutsiko dute Errigoraren larrazkeneko 13garren kanpaina bete-betean, urrian hasi eta azaroaren 12ra arte irekia baita. Hiru kutxa dira hautan, beltza, gorria eta berdea: piperrak, zainzuriak, arnoa... Mozkin anitzez beteak dira; beltza konbentzionalean ekoizturiko mozkinez, berdea, berriz, ekologikoz. Kutxa gorria, alabaina, eguberriri so dago: patxarana, arno xuria...
Prezioei dagokielarik, kutxa beltzak 60 euro balio ditu, berdeak 65 euro, eta gorriak, 75euro.

Eskaerak egin daitezke HEMEN klik eginez.



Gehikuntza bat ere egin diote aurten: 10 euroko egutegi landagarria. Hilabete bakoitza haziz hornitua denez, behin orria pasatu-eta, urean ezarriz, lili-haziak haziko dira. Egutegiari esker, Lodosako Ibaialde ikastola lagunduko dute: " Badakigu Nafarroako Hezkuntza departamentuak ez duela euskararen egoera laguntzen, eta hartu berri dituzten erabakien ondorioz, Lodosako Ibaialde ikastola egoera zaurgarrian utzi dute"

Bedatseko kanpainak Eskutik eskura du izena, aldi hartan, mozkinak ez dira kutxetan antolatuak izanen, baizik eta nahieran: norberak nahi duen mozkina hautatzen baitu, nahi bertze. Tokian tokiko ekoizpenak dira, bidezko prezioan salduak, neholako bitartekaririk gabe. Arrakastatsuenak oliba-olioa, irriza edota dilistak izaten dira, baina badira askoz ere gehiago.

Aurtengo lema da "Auzolanean euskara sustraitik espaziora", hala azaldu du Adriana Urmeneta Errigorako kideak: "Errigorak beti lan egin izan du lurrarekin, baina uste dut hizkuntza batek lurraren beharra duen bezala, hizkuntzak ere ematen diola izaera lurrari. Eskualdeko euskalgintza egunero ari da lanean, euskara ongi sustrai dadin eta igan dadin espazioraino. Espazioraino zergatik? Euskara irits daitekeelako edozein hizkuntza bezala, edozein lekutara, espazioraino ere! Baina horretarako euskaldunek ausart behar ditu euskarak, biziraupenen-xedetik harago joanez".


Auzolana ere bada Errigoraren ardatzetako bat, indibidualtasunetik kolektibotasunera jauzi eginez, euskaldunek beraien baitan hain txertatua duten egin-moldea, "tresnarik potenteena", akuilatu nahi du Errigorak. Adriana Urmenetak hala laburtu du: "Uste dugu parada paregabea dela hau euskara akuilatzeko, hel dadin gutienez espazioraino, eta elkartasuna helarazteko Nafarroa Hegoalde eta erdiari!".

Jakin, Sustraitik espaziora Errigoraren dokumentala azaroaren 6an ere ikusgai izanen dela Urruñan, Berttoli elkartean, 18:30etan, ondotik, mozkin-dastaketa ere izanen da.

Publizitatea

Interesgarri izanen zaizu