Jon Insausti 2025eko urriaren 29an izendatu zuten hiriko alkate, Eneko Goia aitzineko alkateak dimisioa eman ondoren. 37 urteko hautetsiak hamar urte iragan ditu herriko etxean, euskara eta kultura arloan lan egiten. Ez du uste legitimitate aldetik hutsunerik badenik bere izendapenean. "Legitimitatea badut udalbatzako bozkek erabakitzen dutelako alkatea, baina, neure lana izan da sinesgarritasuna eraikitzea, hau da, donostiarrek sentitzea eta pentsatzea alkate hau benetakoa dela, eta baduela lan egiteko gaitasuna", argitzen du auzapez gazteak.
Legitimitatea badut udalbatzako bozkek erabakitzen dutelako alkatea, baina, neure lana izan da sinesgarritasuna eraikitzea, hau da, donostiarrek sentitzea eta pentsatzea alkate hau benetakoa dela,
Hiriak erakusten duen oparotasunaren gibelean beste nolabaiteko Donostiarik badenez galdegin diogu Insaustiri: "Nik donostiarren Donostian sinesten dut, barrura begira hasten den hiri batean sinesten dut". Lau lan ardatz nagusi landu nahi ditu alkateak: etxebizitzarena, segurtasuna hobetzea, ekonomia indartzea eta egunerokotasuna zaintzea. Ez du uste hiria bere arrakastan itotzeko arriskurik badenik, hainbat Donostia baitaude. "Donostiar adina Donostia badira, eta zorionez, hirian bizitzeko modu asko dago. Donostia barruan Donostia asko daude", gehitzen du alkateak.
Donostiar adina Donostia badira, eta zorionez, hirian bizitzeko modu asko dago. Donostia barruan Donostia asko daude
Segurtasun arazoa badagoela Donostian erraiten du, irmo. "Konplexurik gabe esan behar da badagoela segurtasun arazo bat, eta egin dezakegun okerrena da alde batera uztea da". Alta, segurtasunaren zenbaki "standarrak" onak direla gehitzen du, baina "donostiarrek esaten digute lehenago seguruago sentitzen zirela kaleetan, eta hori lotuta dago konfiantzarekin", uste du Jon Insaustik.