Elebistasuna eta hizkuntza-nahasmenduak: haur euskaldunaren kasuan izeneko mintzaldia emanen dute ekainaren 16an, 19:00etan Larzabale Ezpeletenean Ihintza Mailharin Hirigoien eta Kattalin Bidart Cantero ikerleek, UEUk eta Seaskak antolaturik, Har(h)itza hitzaldi-zikloaren karietara.
Kattalin Bidart Cantero doktoregaia da, badira bi urte tesia egiten ari dela, Aturriko unibertsitatea eta EHU elkarlanean ari dira tesia honetan. Hizkuntza-nahasmenduak pairatzen dituzten haur elebidunen kasuak ikertzen ditu, baina konparatuz elebakarrekin. Hizkuntza-nahasmendua diagnostikatua duten haurrez da mintzo, hots, mintzatzeko zailtasunak dituztenez: ulertzeko eta produzitzeko zailtasunez, hots, bai ahozkoan baina baita idatzian ere.
Kattalin BIdart Canterok Ikergazten parte hartu zuen duela bi urte; UEUk ikerle gazteak elkar gurutza daitezen antolatzen duen topaketa. Geroztik ari da ikerketan Bidart Cantero. Larzabaleko mintzaldian bereziki aipatuko duena da hizkuntza-ikasketa nola gertatzen den norberaren burmuinean, zein diren bere definizioak, zein diren lengoaia baten ikasketa-urratsak, eta, elebidunen kasuan, zer diren elebitasunaren eraginak burmuinean edota eguneroko bizitzan.
Kattalin Bidart Cantero harritu duena da oraino badirela sinesmenak elebitasuna kaltegarria dela hizkuntza-nahasmendua duten haurrentzat, alta, ikerketek adierazten dutena da alderantzizko guzia: onuragarria dela elebitasuna edozein kasutan, hizkuntza-nahasmendua pairatzen duten haurren kasuan, nola patologiarik ez dutenen kasuan. Hala, elebitasunak ez ditu haurrak zailtasunetan ezartzen, alderantziz, aberastasun bat da.
Baliteke, haurrek batzuetan zailtasunak ukaitea bigarren hizkuntza bat ikastean, baina hori normala da, ez da lotua bi hizkuntza ikastearekin. Ikerketa hauen helburua da, gero, behin emaitza eta ondorio guziak ukaitean, profesional, guraso eta irakasleei laguntzea, eta ongi ulertzeko elebitasunak ez diola zailtasunik ekartzen haurrari.
Elebitasunak ekartzen duena da, bertzeak bertze, kultura berri baten ezagutzea eta jende anitzekin harremantzeko parada. Are gehiago, egin dituzten frogek erakutsi diote haur elebidunek emaitza hobeak dituztela elebakarrek baino.