Donibane Lohizuneko Herriko Etxeak “Bertsolaritza: zonbait behako” izeneko erakusketa proposatzen du urtarrilaren 31ra arte, Foch plazan den Pavlovsky etxean. Euskal Kultur Erakundeak landu duen erakusketa multimedia honek bertsolaritzaren mundua deskubritzera edo hobeki ezagutzera gonbidatzen du publikoa.
Hasiberrientzat ahozko arte honen ulertzeko gakoak eskaintzen ditu, eta bertsozaleentzat, berriz, artxibo-irudi eta lekukotasun nehoiz ikusi gabekoak, ikus-entzunezko, testigantza eta argazkien bidez. Antolatzaileen erranetan, erakusketak Xilabako finalari oihartzuna ematea du xede, eta publiko zabalari zuzendua da.
Erakusketa asteazkenetik larunbatera irekia da, 9:30etatik 12:30etara eta 13:00etatik 17:30era, sartzea libre.