Zilia Heredia Irigoien

·

Taupako koordinatzailea

«Eusfera: 0 eta 12 urte arteko gurasoei zuzendua zaie, alaba-semeen unibertsoak are euskalduntzeko»

Eusfera: 0 eta 12 urte arteko gurasoei zuzendua zaie, alaba-semeen unibertsoak are euskalduntzeko
Zilia Heredia Irigoien, Taupako koordinatzailea Ipar Euskal Herrian. TAUPA
Ainize Madariaga
2026/04/30 15:50

Eusfera abiatzekotan da lehen aldikoz: maiatzaren 7tik 17ra. Taupa euskaltzaleen mugimenduak Eusfera dinamika berri hori abiatu du. Taupak euskararen erabilera eta euskalzaletasuna akuilatzeko lan egiten du, horretarako, hainbat ekimen antolatzen ditu, haien artean ezagunena Euskaraldia da. Baina ez da bakarra; proiektu xumeagoak ere baititu esku artean: Mintzalaguna edota euskararen kriseilua.

Aldi honetan, berritasuna ekarri du: Eusfera. Euskara eta atmosfera uztartuz sortu duten kontzeptua da, xedea duelarik haurren unibertsoak euskaldunagoak izan daitezen egunerokoan. Horretarako, haurren gurasoak dira aktibatu nahi, eragiteko unibertso horietan.

Alta, maiatzaren 7a eta 17a arteko egitaraua ez da bakarrik haurrei zuzenduriko hitzorduz brokatua izanen. 0 eta 12 urte arteko haurren gurasoei zuzenduriko ekimena da berez Eusfera. Guraso euskaldunei begira, baina ez bakarrik, euskaldun hartzaile eta oraino euskaldunak ez direnei ere.

Hamar egun horietan bi manera izanen da parte hartzeko; alde batetik, Eusferaren webguneko gurasoen txokoan diren misioak betez, desafioak izanen dira, manera jostagarrian lagun eta familia artean egitekoak. Espazioa esploratu beharko da, jakinez planeta bakoitza haurraren eguneroko arlo batei lotua dela: ipuinena, pantailena, musikarena, sormenarena, jokoena... Galdetegi bat beteko beharko dute gurasoek, familiaren perfil linguistikoaren berri hartzeko eta desafio egokituak hartzeko, konparazione haurren hizkuntza gaitasunei dagokiolarik, bai ere haurraren adinari. Haurrek pasaportearen bidez, planeta margo dezakete eta geroari begira hizkuntza-usaiei dagokielarik, engaiamendu berri batzuk hartu. Misio horiek betetzeko HEMEN klikatuz egin daiteke

Bestalde, euspaziok haur eta helduek partekatuko dituzten euskarazko elkarguneak izanen dira. Euspazio horiek ez ditu Taupak antolatzen, baizik eta tokian tokiko taldeek, euskaraz bizi batzordeek edota euskara elkarteek. Euspazio horiek euskaraz izanen dira, baina euskara hartzaileak eta oraino euskaldunak ez direnek ere parte hartuko dute, horretarako baliabideak izanen baitira.
Hitzordu horietako batzuk hauek dira: Ziburun mendi ateraldia, Urruñan mahai-jokoa, Oztibarren ibilaldi Xoristikoa Beñat Iribarnek gidaturik, Hazparnen mus tailer-txapelketa... Euspazioen egitaraua HEMEN klikatuz ikusgai da.

Lehen aldi honetan, Taupa biziki satisfos da jendarteak egin dion harreraz: Eusferak barne biltzen dituenez haurrak eta guraso ez oraino euskaldunak, Euskaraldiak ez bezala, Eusferak harrera berezia ukan du, jendea "bereziki motibatua" sentitu dute. Momentuz Ipar Euskal Herriko hamaika herrik eman du izena, eta baikorki harrapatuak izan dira antolatzaileak.



Interesgarri izanen zaizu