Eusko elkarteak bere garapena segitzen du eta 2025-2026 ikasturteko erronkak aurkeztu ditu. Lehen erronka bat da euskal monetaren kide ez diren herriko etxeak kide bilakatzea. Gaur egun 40 herriko etxe dira Eusko elkarteko kide, eta helburua da hauteskunde berrien karietara Ipar Euskal Herriko herri gehienek ere manera honetan tokiko ekonomian parte har dezaten. Nikolas Blain, Eusko elkarteko koordinatzaileak argiki dio: « Euskal monetan konbentzituak gara aterabideak lurraldeetatik etorriko direla ». Kide ez diren herriko etxeei gomita egin diete horretaz hitz egiteko. Horrek aukera ematen die, adibidez, langile eta hautetsiak euskoz pagatzeko edo diru-sarrerak euskoz eskuratzeko.
Bestalde elkarteak bi kolehendakari berri izendatu ditu, Christine Uhalde eta Iban Grossier. Haiek hastapenetik lehendakari zen Xebax Christyren segida hartu dute. Euskal moneta elkarteko plan estrategikoa aurkeztu dute ikasturte berri honetarako. Bi ardatz nagusi ditu: alde batetik, berme-funtsaren inbertsioa martxan ematea, eta, bestetik, Hegoaldean tokiko moneta berri baten garapena.
Berme funtsaren inbertsioari dagokionez, jakin behar da gaur egun 4,5 milioi eusko zirkulazioan direla, eta bestelako euro kopuru bat atxikia dela banku kontu batean. Elkartearen helburua da diru horren parte bat lurraldeko proiektu sozial eta ekologikoetan inbertitzea, hala nola etxebizitza, laborantza herrikoia edo kultura sustatzeko.
Horrez gain, Nikolas Blainek adierazi du beste desafio bat dutela: « Gure ametsa da egun batez euskoa 7 probintzietako tokiko moneta izatea. Ez da urrats bakar batez eginen noski. » Eusko elkarteak POCTEFA proiektu baten bidez Europari diru-laguntza eskatu dio, Nafarroan eta Gipuzkoan tokiko moneta berri bat garatzeko. Moneta honek euskoaren balore berak segituko lituzke, hala nola elkartasuna, ekologia eta euskararen garapena. Momentuz, kontu administratiboengatik, ez da Iparraldeko moneta bera izanen, baina etorkizunerako esperantza dute elkarteko kideek.
Eusko elkarteak, gainera, bi hitzordu nagusi iragarri ditu datozen hilabeteetan: Urriaren 4an Eusko elkarteen eguna ospatuko da Ainhize-Monjelosen, Euskal Herriko Laborantza Ganbarako egoitzan. Azaroaren 23an, berriz, euskararen inguruko gogoeta bat proposatuko da Donapaleun, Euskararen Urtaroaren karietara.
Xehetasun guziak euskalmoneta.org webgunean aurkitu daitezke.