Azken asteetan, geroz eta euskal musika talde gehiagoren mezuak ikusten dira musika entzuteko plataforma batzuk uzten dituztela adierazten. Bereziki Spotify-ren kasuan. Besteak beste, Orbel, La Furia eta Xutik taldeak izan dira beren musika plataforma horietatik kentzea erabaki dutenen artean.
“Koherentzia” artistikoa eta politikoa: Xutik-en kasua
Peio Izeaga, Xutik taldeko kantariak, zuzenean hitz egin du erabaki horretara bultzatu dituzten arrazoiez. Taldearen hitzetan, “ez da koherente kontzertuetan Gora Palestina! oihukatzea, palestinarren aldeko ‘Sudur Gorrien Iraultza’ kantu bat egitea, eta aldi berean Spotify bezalako enpresa batekin kolaboratzea”. Plataforma honek arrunt gutxi ordaintzen ditu musikariak, eta ukaiten dituen etekinak arma industrian inbertitzen dituela salatu du.
Izeagak aitortu du erabakia ez dela erraza izan: “jende anitzek erabiltzen ditu plataforma horiek, batez ere Spotify, eta entzule anitzek hortik entzuten dute”. Hala ere, taldeak “kontzientzia eta koherentzia politikoa” lehenetsi ditu.
Alternatibak: plataforma etikoagoak eta tokiko ekimenak
Ezin ukatu plataforma handiek duten eragina musika entzuteko ohituretan. Hala ere, aukera alternatiboagoak badira eta bidezkoagoak artistentzat. Xutik taldeak oraindik Deezer, Kobuz eta Bandcamp plataformetan du bere musika, eta horiek ekonomikoki errespetuzkoagoak dira musikarientzat.
Gainera, Badok.eus azpimarratzekoa da, Euskal Herrian berean garatutako euskal musikarien biltegi digitala. Plataforma honek tokiko sorkuntza lehenesten du eta euskal musikaren sustapenerako tresna baliotsua da.
Musika entzuteko beste modu bat: kontzertuak eta diskoak
Peio Izeagak entzuleei dei zuzena egin die: "Joan kontzertuetara, erosi diskoak eta ongi hautatu nundik entzuten duzun musika".
Etapa berri bat Xutik-entzat
2025. urtean Xutik taldeak hiru kantu berri argitaratu ditu, bakoitza bideoklip batekin lagunduta. Baina berrikuntzekin batera, aldaketa bat iragarri dute: Patxi Bidart, taldeko kideetako batek, urte bukaeran taldea utziko duela.
Urte hondarrerako bi kontzertu iragarri dituzte:
· Urriaren 25ean, Galdakaon
· Abenduaren hastapenean, Miarritzen Atabalen