Carolina Minaberri argentinarra da baina bere erroak Ortzaizen ditu. Euskal Herrian izan berri da, Betirako dantza taldeko kideekin batera, euskal dantzak ikasteko xedearekin. Dokumental bat ekarri dute besapean, Argentinako euskal etxeetan nola bizi duten euskalduntasuna erakusteko nahikeriarekin. Diasporaren eguna kari, Donibane Lohizunen izan da Carolina, Betirako dantza taldekoekin batera.
"Nire aita Ortzaizekoa zen eta txikitan etortzen nintzen Euskal Herrira, baina euskara ikastea oso zaila egiten zitzaidan. Frantsesa fite ikasi nuen, baina ene aita bere anaiekin euskaraz mintzatzen entzuten nuenean, ez nuen batera ulertzen. Beraz ene ikasketak bukatzean, Hondarribira etorri nintzen euskara ikastera, barnetegira", erran digu argentinar euskaldunak. Urtebeteren ondoren, Argentinan berean segitu zuen bere euskara hobetzen Eusko Jaurlaritzak duen ekimenari esker.
Mundu osoan 200 euskal etxe baldin badira, erdiak Argentinan dira. Carolina Minaberriren arabera Argentinako euskal etxeetan euskal nortasuna bizi-bizi dirau. "Tandilleko gure euskal etxean, 'Gure Etxea' deituan, euskara kurtsoak ematen ditugu, pilotan jokatzen dugu, musean, dantzak irakasten ditugu, besta egiten dugu....Euskal Herrian bezalatsu".
Euskara ikasi daitekeela Argentinan ere, oroitarazi du Minaberrik. "Batzuetan zaila da, baina animatu behar da. Nahi bada, ahal da".