Jon Bujanda

·

Karrikiriko koordinatzailea

«Euskaratik ari diren eragileen arteko harremanak sendotu, berritu eta txirikordatzeko sortu dugu hau»

Euskaratik ari diren eragileen arteko harremanak sendotu, berritu eta txirikordatzeko sortu dugu hau
Harizko zubiak ehuntzen kultur zikloko ekitaldian, Oreka TX. KARRIKIRI ELKARTEA
Ainize Madariaga
2026/10/19 12:35

Harizko zubiak ehuntzen jardunaldia abiatua du Karrikiri elkarteak, Antton Luku idazlearen Euskal Kultura? liburuaren berrargitalpenetik abiatuz.
Euskal Herriko mapari kolorezko hariak josi dizkiote. Iruñeko Karrikiri elkarteko koordinatzailea da Jon Bujanda. Ohartarazi du Xabier karrikako laugarreneko elkartea, elkartea baino haratago doala, eta helbide berean den denda ere, denda bat baino haboro dela.

Plazara kooperatibarekin harreman handia dute, aholkulari linguistikoa baita. Bigarren aldikoz aurten, ikastaroa antolatua dute haiekin, lau larunbat goizez, euskararen biziberritzean korapiloak dituen jendeari zuzendua. Horko bibliografian Antton Lukuren Euskal Kultura? liburua agertzen da, alta, ezin atzemana da, agortua baita. Karia horretara, berrargitaratzea deliberatu dute, eta hari beretik, kultur-zikloa.

Hala, urri osoko zikloa antolatua dute euskaratik eta euskara hutsez ari diren eragileen arteko harremanak sendotzeko, berritzeko eta txirikordatzeko. Haien metafora mugaz gaindi baino harago doala oroitarzi du Bujandak. Alabaina, elkarren arteko proiektuak sustatu nahi dituzte, hari "sinple" horiek elkartuz, soka handiak bilaka baitaizteke. Xan Airek hala aurkeztu zuen zikloa: "Harizko zubiak bilaka daitezen harrizko zubi".

Txirikorda bat ez dadin aska gutxienez hiru soka behar direla ere erran izan du Aritz Ibañezek, horrekin aldarrikatu nahi du euskal partzuergoak, euskaraz ari direnen arteko harremanak eta zirkuituak elikatzeko eta sustatzeko direla, hori baita funtsean, Euskal Herria. Ehuntze hori, beraz, Euskal Herria egitea dela azpimarratu du Bujandak, bakoitzak bere modura: musikariak, pentsalariak, dendariak... Bakoitza bere aldetik ari bada ere igurtziz ideia berriak jalgitzen direla argi du.

Euskal Kultura? liburuaren berrargitalpena, erran bezala, izan da urriko ziklo honen akuilatzailea. Jon Bujandaren aburuz ez bada ere jende gehien bilduko duen ekitaldia, kulturaldiaren ekitaldi zentrala da. Bereziki interesgarria zaio, kultuzko liburu hau irakurri duenak jakin bide du badela "mamia, egurra eta umorea". Libertimenduen loraldian oinarrizko liburuetako bat dela azpimarratu du; hain xuxen ere, Iruñean gertatzen ari den libertimenduen loraldi horrekin hertsiki lotua dela Lukuren obra. Oraingo egunean, zortzigarren aldikoz egin dute Iruinkokoa, eta aldiro arrakastasua izan da, are gehiago, bertze bi ere sortu dira Iruñean berean, eta dira "Antton Lukuk markatutako egitura berekoak. Hori aldaketa handia izan da Iruñean: indarleku, topalekua, parrandaleku... Baina galdera orain da: Eta orain zer?". Horregatik ekarrarazi dituzte libertimendu-adituak: Aritz Ibañez eta Peio Berterretxe. Urriaren 21ean dira bilduko mahai-inguruan.

Bestalde, urriaren 23an Laban Habia taldearen eta Garazi Esnaola musikariaren kontzertuak izanen dira. Jon Bujandak hitzeman du kontzertu "oso onak" izanen direla. Sarrerak on line eros daitezke, edota Karrikiri dendan.

Bukatzeko, urriaren 28an bertze solasaldia izanen da, Irauli egoitzan, Laba ondoan, familiei zuzendua euskararen biziberritzeaz, Gartzen Garaio eta Esther Lakasta dira mintzatuko, bi egitasmotan parte hartu baitute mugaz gaindiko familiak elkartuz udaleku batean. Finean, mugaz gaindiko hori koskaz jautsi nahi du Bujandak: "Hizkuntza bera, helburuak eta lagunak baldin badituzu, muga hori ez duzu izanen, alderantziz baizik: pasabide bat. Eta hori da gure ustez proiektu honen helburua, ez dugu mugarik nahi baizik eta
kontrakoa: bideak, ideiak eta proposamenak".

Eta, urriaren 31an da dena akituko, Buhaminak eta Hor hor taldearen emanaldiei esker.


Publizitatea

Interesgarri izanen zaizu