Natxo de Felipe

·

Musikaria

«Ez nuen egiteko asmorik, baina behin abiatuta, proiektua amodiozko istorio bat izan da»

Ez nuen egiteko asmorik, baina behin abiatuta, proiektua amodiozko istorio bat izan da
Natxo de Felipe, ezkerrean, Kuarteto Philiperenako kide Esther Alba, Xabier de Felipe eta Przemyslaw Pujanekekin, Kursaalen. EUSKAL IRRATIAK
Maia Muruaga
2026/08/03 15:28

Oskorri taldeak agur erran eta hamaika urtera, disko berri batekin oholtzara itzuliko da Natxo de Felipe kantaria. Donostiako Musika Hamabostaldiarentzat zuzenekoa emateko helburuarekin, Oskorri taldeak argitaratu gabe utzi zituen hamabost kantu berreskuratu eta Kuarteto Philiperenarekin landu ditu Natxo de Felipek. Xabier de Felipe semea ari da lehen biolinean, Przemyslaw Pujanek bigarren biolinean, Esther Alba biolan eta Karmele Castillo, txeloan.

Natxo de Feliperen erranetan "Bake santuan bizi nintzen erretiratuta, baina iaz Donostiako Musika Hamabostaldian Xabier Zeberioren kontzertuan parte hartu eta kontzertua ondoren etorri zitzaizkidan aurtengo kontzertua egiteko gonbita eginez. Nik hasieran ezetz esan baina azkenean semea entzun ondoren, baiezkoa eman nuen.. proiektu hau amodiozko istorio bat izan da".

Abandonatuak izeneko disko bat ere plazaratu berri du Kuarteto Philiperenarekin. Proiektuan hamabost kantu bildu dituzte, Przemyslaw Pujanek konpositorearen moldaketekin. Izenak iradokitzen duen moduan, Oskorri taldeak argitaratu gabe utzi zituen hamabost kantu bildu dituzte. Natxo de Felipek azaldu duenez, Oskorriren garaian ohitura zuten "poeta handien" testuak oinarri hartzeko, eta oraingoan ere joera bera atxiki dute: "Gu, normalean, gure kantuak-eta prestatzeko beti oinarritu gara poeta handien testuetan, eta honetarako ere konturatu gabe, ikusi genuen denetako eta aro diferentetako poetak genituela. Arnaut Oihenarten kantu bat daukagu, 1600an egina, oso ederra dena. Gero, zoritxarrez, Espainiako gerran fusilatu zuten Lauaxetarena. Gero, Iparraldeko bi poetisa ere badauzkagu, Henrieta Aire Xalbador bertsolariaren alaba nagusia eta Aurelia Arkotxa ere, pentsalari eta filosofa eta eskritoresa, oso kontutan hartzekoa. Eta gero, bestetik, Koldo Izagirre bertsolari lagun handien testuak ere badauzkagu, Andoni Egaña, Xabier Amuriza, Arkaitz Estiballes eta jende oso inportantea, gu baino inportanteagoak direnak musikatu ditugu".

Agorrilaren 20an Donostiako Musika Hamabostaldiaren baitan Kuarteto Philiperenarekin Arantzazuko Santutegian ariko da, sarrerak agortuak dira.

Interesgarri izanen zaizu