Samuel Biscay

·

Kondu berezilaria

«Faktura elektronikoaren lege berriarekin erran nezake iraultza baten aitzinean girela»

Faktura elektronikoaren lege berriarekin erran nezake iraultza baten aitzinean girela
Samuel Biscay Aihertarra kondu berezilaria da. IRULEGIKO IRRATIA
Antton Castoreo
2026/02/11 08:00

Faktura elektronikoak nagusituko dira enpresen administrazio lanetan ondoko buruiletik goiti. Bi etapatan eginen da fakturen errezibitzeko eta igortzeko sistema berriaren orokortzea. Samuel Biscay kondu berezilaria izan da gure gomita gaiaz solastatzeko.

Buruilaren lehenetik goiti martxan jarriko da estatuak bultzatu duen erreformaren lehen etapa. Hastapen horretan, enpresa guziek, izan ttipi handi edo ertain, beharko dute fakturak elektronikoki errezibitzeko gai izan. Konkretuki, erran nahi du enpresa guziek beharko dutela baliatu programa edo plataforma berezi bat. Horrez gain, lehen etapa horretan, Orange, Bouygues edo SFR bezalako enpresa handiek beharko dituzte ere igorri fakturak plataforma horien bidez. Enpresa ttipien arteko harremanek aldiz betiko maneran segituko dute, paperez edo mailez.

Baina 2027ko buruiletik goiti, bigarren etapa hasiko da eta enpresa guziek, ttipiek ere beraz, beharko dituzte ere igorri fakturak elektronikoki plataformen bidez.

Zer dira plataforma horiek? Aitzinetik estatuak onartu dituen eta pagatuz izanen diren plataforma pribatuak. Duela urte batzuk erreforma hori aipatzen hasi zelarik, kitorik izanen zen plataforma publiko bat iragarri zuen gobernuak baina azkenean aukera hori abandonatu du. Buruilerako beraz, enpresek ekipatu eta formatu beharko dute.

Interesgarri izanen zaizu