Justiziaren azken erreformek eta baliabide eskasiak kezka piztu dute. Alain Larrea Baionako Abokatuen Elkarteko buruarekin egin dugu pundua: azken erreformak salatu ditu eta baliabide gehiago eskatzen ditu.
Joan den ostegunean, Darmanin-en erreforma judiziala behin betiko bozkatu du Frantziako legebiltzarrak. Abokatuak legearen aurka elkartu ziren batez ere “erruduntasuna aitortzeko” prozedura krimen kasuetara hedatu nahi zutelako. Azkenean, kendua izan da erreformatik baina Alain Larrea abokatuen elkarteko buruak salatu du orain jendeen DNA enpresa pribatuei eskuratzen ahalko duela justiziak.
Lege horiek ekonomiak egiteko sortzen dituzte. Baliabide eskasia salatzen dute abokatuek, Alain Larreak Baionako adibidea eman digu: "20.000 pleinta arribatzen dira urte oroz prokuradorearen bulegora Baionan, zazpi pertsonek behar dituzte 20.000 pleinta horiek tratatu". Adierazi du baliabide gehiago eman behar direla eta zehaztu du ekonomia mailan, Frantzia Europako beste herrietatik urrun dela justizia arloan: "Frantziako justiziaren kasua ezaguna da, Alemaniari konparatuz ez gira hein berean." Alemaniaren heinera iristea eskatzen dute abokatuek.
Hainbat erreforma plantan emaiten badira, aldiz, ezin da gehiago euskaraz aritu auzietan 90. hamarkadatik eta ez da egoera hori aldatzen duen erreformarik. Horren aldatzeko erabaki politiko bat hartu eta Frantziako Konstituzioa aldatu behar dela dio Alain Larrea abokatuak.
Bestalde, Baionako presondegia berriki bisitatu du Alain Larreak. Espetxearen egoera gaitzetsi du, gainpopulazioa eta atxikitze baldintza txarrak salatuz. 70 presorendako eraikitako presondegian 160 preso dira gaur egun. Lurrean ezarritako matalazak, hezetasuna eta leku eskasa salatzen ditu Alain Larrea Baionako abokatuen elkarteko buruak. Bere ustez, Frantziako estatuak egoera aldatu behar du presoen oinarrizko eskubideak bermatzeko.
Baionako abokatuen elkartearen txostena prefetari igorria izan da presondegia berritua izan dadin edo presondegi berri baten galdegiteko. Abokatuei ere igorria izan da haiek informa ditzaten beren bezeroak azpimarratuz Frantziako estatua auzira eramateko posibilitatea badela.