Bulego musika taldea urte betez mutu egon da, baina Zugatik iratzarri da. Iratzarri erranen dugu, baina isilean karraskan aritu da lanean.
Eta bai, Zugatik izeneko singlea karrikaratu berri baitu astelehenean, azaroaren 9an, duela urtea xuxen-xuxena azken kontzertua eman zuelarik Bilboko Jauregian.
Zugatik singlea plazaratu du, baina kantuak baditu 14 ahizpa eta denak AMORE izeneko diskoan bilduak. Diskoa behatzeko, ordea, urtarrilaren 12a arte beha egon beharko dugu.
Bulego taldean lau kide dira: Ruben Lizarralde gitarrista, Xabier Arrieta bateria-jolea, Elba Azpillaga teklatu-jolea eta Tom Lizarazu kantaria.
Zugatik ulertu behar da Amore izeneko diskoaren baitan, hori gomendatu du Tom Lizarazuk. Diskoa kontzeptuala dela ere salatu digu, maitasuna baitu gai nagusia; zeina orden kronologikoan kontatzen duen istorioak harilkatzen baitu. Hala, istorioa osoki entzunez, entzuleak entelegatuko du nortaz den mintzo Zugatik kantua.
Norberak izandako esperientziak izan dituzte inspirazio-iturri hamabost kantuen idazteko.
Diskoa urtarrilaren 12an karrikaratuko badute ere, aurkezpen-kontzertua martxoaren 6an izanen da Bilboko Arena gelan. Erran behar da kasik sarrera guziak salduak izan direla.
Urte beteko isiltasunetik landa, sentimentuak astindu dizkien fase batean direla azpimarratu du Lizarazuk. Bertze taldeak jotzen ikustearekin bekaizti direla ez du kukutu eta gogotsu direla ere berriz "makina martxan ezartzeko". Haatik, bizitzako pausu handiak emateko momentuak sortzen duen bertigoaz ere mintzatu da Lizarazu, hori sentitzen baitu une honetan. Hala ere, oroz gainetik ilusio handia dutela erran du, uste baitu Amore diskoaren karrikaratzea "oso polita" izanen dela, eta arras pozik baitira kausitu duten emaitzarekin.
Zugatik kantuak baditu hamalau ahizpa, eta, galdetu diogu zergatik duten hau hautatu diskoaren enbaxadore gisa. Diskoaren osotasunaren lagin gisa hautatu dute Zugatik. Taldeak neholako iraultzarik egin ez badu ere diskoa dela medio, hala ere, aldaketa bat bai bizi duela, eta Zugatik bada pista ona hautemateko norantz abian den Bulego.
Gainera, lan honen kausitzeko esperimentatu dute anitz, eta, ekoizpen fasean zirelarik, Zugatik entzun zutelarik lehenbiziko aldiz, taldekideak ados ziren "klik" egin ziela haien baitan, eta kantuan ikusi dute Bulego taldearen "esentzia berria", horregatik, diskoa aurkezteko hautatu duten lehen kantu horrek sinbolismoa baduela iruditu zaio Lizarazuri.
Norberekoikeriak agintzen duen garaian bizi garela salatu du Lizarazuk, bakoitza bere xilkoari so, lehiakortasun handiz eta Munduan sarraskiak ere gertatzen ari direla... Testuinguru horretan, maitasunak "premia" handia duela azpimarratu du Lizarazuk. Maitasuna esploratu nahi izan dute, "zerurik gozoena" eman dezakeen bezala, maiatasunak "infernurik beltzena" ere erakuts dezakeelako, entseatu dira espektro guziak erakustea, "batez ere bizi dugun garaiotan".
Lizarazuk uste du maitasunaren gorabeheretan "surfeatzen" ari dela jende guzia, horregatik, entseatu dira diskoan maitasunaren bisaia guzien islatzen. Horretarako gaia landu dute, eta ez nornahirekin, baizik eta maitasuna landu duten adituekin, konparazione, psikologoekin.
Horietako bat Karmele Jaio idazlea izan da, Maitasun Kapitala bere eleberriak pisu handia izan baitu haien sorkuntzan: "Obra hori izan da lanaren txinparta piztu zuena. Gauza asko piztu dizkit barruan". Hala, idazleak parte hartu du obran, baina urtarrilera arte beha egon beharko dugu jakiteko zer duen xuxen egin.
Hamabost kantuek istorio bat kontatzen dute kronologikoki, horregatik dute definitzen kontzeptual gisa, pertsona baten istorioa baitu kontatzen. Lizarazuk nahiko luke entzulearengan hel dadin kontzeptu nagusi hau: "Garai zail hauetan maitasuna lehen planora ekarri behar dugu".
Amore diskoaren narratiba eraikitzeko greziar antzerki klasikoaren zenbait zutabe erabili dituzte: prologoa, epilogoa, parabasiak... Disko kontzeptuala egiteko "salto" bat egitea ikusten zuten, horregatik baliatu dituzte estruktura hauek.
Hirugarren disko hau "inflexio" puntu bat dela aitortu du Lizarazuk, kalitatezko denbora ukan dutelako honen sortzeko, psikologoekin egon dira, greziar antzerki klasikoko estrukturak landu dituzte... eta Lizarazu dago lanketa hori guzia sentituko dela diskoan: "Artisautza-prozesu bat bezala ekoiztu dugu, poliki-poliki, su eztitan", Musikari dagokiolarik ere, haien usaiako confort-egoeratik jalgi dira; Bartzelonarat joan baitira grabatzerat, kanpoko ekoizle batekin, nahasketak ere kanpoan egin dituzte... Baina, oroz gainetik, haiei entzutea gustatuko litzaieken diskoa ekoiztu dutela ohartarazi du Lizarazuk.
Horregatik guziarengatik, kantaria segur da Bulegoren ibilbidean inflexio-puntua izanen dela disko hau, eta uste du entzuleek kantuak entzutean sentituko dutela.
Bulegoren ondoko hitzordu nagusiak izanen dira urtarrilaren 12a, Amore diskoa orduan baita karrikaratuko, eta, nola ez, martxoaren 6a, Bilboko aurkezpen-kontzertua.