Gazte Topagune Sozialistaren aurtengo edizioa ospatuko da Elizondon, Urriaren 9tik 12ra bitarte. Gazte Koordinadora Sozialistak (GKS) eta Ikasle Antolakunde Sozialistak (IAS) antolaturiko topaguneak, sozialismoaren alde indarrak batzea du helburu nagusia. Gazteek egungo egoera politikoaren inguruan eztabaidatzeko, komunitatea egiteko eta aisaldiaz gozatzeko parada izanen dute, beraz, Elizondon.
Lau egunetan zehar, hainbat hitzaldi eta mahai-inguru izanen dira. Etxebizitza, krisi ekologikoa, sexu-industria, antifaxismoa, nazio-auzia eta autoritarismoaren gorakada izanen dira, besteak beste, aztertuko dituzten gaiak.
Bestalde, egitarauaren barnean, urriaren 11n manifestazioa eginen dute, Elizondon, 17:30ean, faxismoaren eta estatuen autoritarismoaren aurka. Antolatzaileen arabera, azken urteetan eskubide politikoen aurkako murrizketak eta mugimendu sozialen kriminalizazioa areagotzen ari dira eta horrek halabeharrez eskatzen du antolakunde iraultzaile internazional bat. Horregatik Topagune Sozialistako antolatzaileek mezu bikoitza igorri nahi dute: bata internazionalki antolatzearena Euskal Herritik haratagoko gazte sozialistei eta iraultzaileei; eta bestea, faxistei, euste-horma indartsu eta kontziente bat gorpuzten ari direnarena.
Topaguneak, gainera, aisialdirako eskaintza zabala izanen du: kontzertuak, kirol-jarduerak, antzezlanak, umore-saioak eta bestelako kultur ekitaldiak. Besteak beste, Belako, Santa Salut, Skabidean, Bengo eta Anje Duhalde arituko dira egun ezberdinetan.