Kroteka eta Sagutxo

·

Katu Bazka taldeko musikariak

«Gogotik animalizatzen ditugu bizitzako zenbait aspektu eta gure humanitatea kolokan ezartzen dugu»

Gogotik animalizatzen ditugu bizitzako zenbait aspektu eta gure humanitatea kolokan ezartzen dugu
Katu bazka taldeko Sagutxo eta Kroketa, 'Hamalauak bat' disko berria eskuetan dutela. GATU BAZKA
Ainize Madariaga
2026/11/26 12:39

Katu Bazka taldeak diskoa karrikaratu berri du: Hamalauak bat. Kroketa eta Sagutxo artista-izenak hartu ditu punk-zorrotza sortzen duen musikari pareak.

Diskoaren azalean katu beltza eta kontserba-ontzia marraztuak dira, eta bere baitan daramatza bi urteotan ondu dituzten hamalau kantuak; "Ditugun kantu guziak barne dira, ez dugu besterik!".

Aldarrikapenez eta salaketaz beteak dira kantuen hitzak, baina baita ere umorez josiak. Etxaldeko lanak egin bitartean jin zaizkien ideietatik abiatu dituzte
Eta preseski, diskoa abereek dute josten: "Animalien gaia baino gehiago, aitzakia dira gizartearen alegoria baten egiteko, George Orwelek Animal Farm lanean egin zuen bezala, guk ere animalia bakoitzari esleitu diogu gizartearen alde bat". Gehitu dute ere: "Gogotik animalizatzen ditugu bizitzako zenbait aspektu, eta uste dut gure humanitatea ere kolokan ezartzen dugula".

Kalekumetzat dute haien burua Katu Bazka taldeko kideek, eta emigrante kulturaltzat Baxe Nafarroan: "Etxalde giroa hemen ezagutu dugu eta gure pertzepziotik identifikarazi ditugu oiloak kaosarekin, gatuak ordena eta kontrolarekin, urdeak poliziarekin, arrautza ustela faxismoarekin... Gure marka egin nahi genuen: %100 katu bazka".

Mixel Labeguerieren Gure gatua pitxitxi kantuari musika moldatu diote. Haien burua definitzeko zailtasunak izan dituzte, baina: "Saiatzen gara punk zuzena egiten, nahiko ortodoxoa, gu, egunerokoan hala ez bagara ere. Zuzeneko bixiak eskaintzen saiatzen gara".

Zenbait "katu bazkari" egin izan du bikoteak, baina "punk alde hori azalerazi" nahi izan dute. Eta, Adimen Artifizialaren aitzineko garaiko taldea dela azpimarratu dute, justuki, Zeru bat zero bat kantua ondu dute umorez bai, baina kritikatuz AA.

Hamalauak bat diskoak badu estetika landua, eta aitzinera ezarri dute talde lana izan dela eta eskertu dituzte b idelagun guziak: Xano Halzuet, Iban Urrutia, Battita Halzuet, Elena Goikoetxea eta Inar Aitatxitxi Iraizotz.

Azaroaren 28an, Canon Français enpresak antolaturiko bazkariaren kontrako mobilizazioen karietarat joko du Miarritzen Katu Bazkak, bai ere abenduaren 11an, Hazparne Ttattolako Antirep gaualdian.


Diskoak, berriz, Lartzabale Ezpeletenen, Hazparne Xuriaten eta Donapaleun salgai izanen dituzte. Gainera, entzungai ere da: Bandcamp plataforman, Youtuben eta mugikorreko Doinu aplikazioan.

Azkenik, musikariak juntatu nahi izanez gero, sare sozialen bidez egin daiteke.

Interesgarri izanen zaizu