Pello Aranzabal

·

Iparra Hegoa

«Gure herriko bestak aldatzen ari dira; horregatik jarri nahi izan dugu aurten hortan begirada»

Gure herriko bestak aldatzen ari dira; horregatik jarri nahi izan dugu aurten hortan begirada
Pello Aranzabal, zaindaria eta lizeotarren ateraldiko arduraduna eta Iparra Hegoako kidea da. EUSKAL IRRATIAK
Esteban Bastié Aguerre
2026/03/09 16:19

Aste honetan abiatu da 29. Iparra Hegoa, eta igandean amaituko da. Seguran antolatzen den kultur ekimen honen helburua Euskal Herriko lurraldeen arteko harremanak sustatzea eta euskal kultura bultzatzea da. Aurten, besta «Herribestak bizi behar du!» lelopean ospatzen da. Urtero bezala, gai baten inguruan hausnartzera gonbidatzen ditu Iparra Hegoak bere bisitariak, hitzaldi, mahai-inguru eta kultur ekitaldien bidez.

Aste osoan zehar egitarau oparoa prestatu dute. Besteak beste, haurrei zuzendutako ekimenak, tailerrak, hitzaldiak, bertso eta kantu saioak, kontzertuak eta herri bazkariak izango dira Seguran. Gaurtik aurrera, Urruñako ikastolako haurrak Segurara hurbilduko dira, eta herriko eskolekin hainbat jardueratan parte hartuko dute: bisita gidatuak, jolasak, talo tailerra eta dantza saioak, besteak beste. Aste erdian, herri bestei eta besta ereduei buruzko gogoeta ere izango da. Horretarako, Euskal Herriko hainbat lekutatik etorritako gonbidatuek parte hartuko dute hitzaldi eta mahai-inguruetan, hala nola Besta Ereduaren inguruko solasaldian edo "Jaialdien garaian" izeneko hitzaldian. Bestalde, zortzigarren aldiz, Etxepare lizeoko ikasleak ere Segurara hurbilduko dira festan parte hartzera. Aurten, ikasleek ikusgarri berezi bat eskainiko dute Segurako herrian barrena, hiru gunetan antolatuta.

Larunbat eguerdian, omenaldi berezia egingo zaio Ramon Amundarain Otegiri, "Iparra-Hegoako arima" eta Segurako Elorri kultur elkarteko kideari. Ramon Amundarain joan den azaroan zendu zen minbiziaren ondorioz, eta haren ekarpena gogoratuko dute ekitaldi nagusian.
Ramon Amundarain Otegi, Etxepare lizeoko ikasleen bidelagun. BERTSOZALE.EUS

Asteburuak izango du festaren unerik jendetsuena: sukalki lehiaketa, animazioak, herri bazkaria, gazte bazkaria, manifestazioa eta gaueko kontzertuak izango dira, besteak beste. Iparra Hegoaren 29. edizioa igandean amaituko da, «Jaia bai, auzolana ere bai!» lelopeko azken topaketarekin, Elorri elkartean egingo den mokadutxoarekin. Programa osoa hemen eskuragarri da.

Publizitatea

Interesgarri izanen zaizu