Euskoaren esperientzian oinarrituta, tokiko moneta osagarri bat sortzeko urratsak egiten ari dira Hego Euskal Herrian. “Gure Moneta” izeneko proiektua Oarsoaldean eta Baztanen jarriko dute martxan lehenik, esperimentazio fase gisa, eta 2026ko azken hiruhilekoan erabiltzen hasteko aurreikusten dute.
Funtzionamendua Euskoaren antzekoa izango da: euroak tokiko monetaren truke lortuko dira, eta balioa bera izango da (euro bat = moneta bat). Ordainketak bi modutan egin ahal izango dira: billete fisikoen bidez edo mugikorrerako aplikazio digital baten bidez. Oraingoz, monetak ez du izenik; proiektuan parte hartzen duten herritarrek eta eragileek erabakiko dute izena eta diseinua. Hala ere, egitasmoaren asmoa ez da soilik bi eskualdetan geratzea. Epe luzera, moneta Euskal Herri osora zabaltzea eta Ipar Euskal Herriko Eusko monetarekin bateragarri izatea da helburua. Proiektuak, gainera, ekonomiaz harago doazen balioak ere baditu ardatz: tokiko ekonomia indartzea, euskararen erabilera sustatzea, ingurumenarekiko errespetua eta justizia soziala bultzatzea. Horregatik, tokiko moneta tresna ekonomiko bat izateaz gain, komunitatea sendotzeko eta kontsumo ohitura arduratsuagoak sustatzeko tresna ere izan nahi du.
Egitasmoan askotariko eragileak ari dira elkarlanean, hala nola Euskal Moneta elkartea, Udalbiltza, Baztango Udala, Oarsoaldeko garapen agentzia eta hainbat gizarte-eragile. Horiekin batera, herritarren inplikazioa ere funtsezkotzat jotzen dute, tokiko monetak funtzionatzeko erabiltzaile, saltoki eta enpresen sare zabala behar baita.