Frantzian laborantza arloko sindikatu nagusienak, FNSEAk (FDSEA Pirinio Atlantikoetako departamentuan), ez du parte hartzen laborariek abiatu dituzten mobilizazioetan. Dermatosi Nodular Kutsakorrari buru egiteko gobernuak abiatu duen protokoloak behi tropa osoen hiltzea dakar, kasu bat agertzen bada etxalde batean. Neurri horrek eztabaida biziak sortarazten ditu. Coordination Rurale eta Confédération Paysanne (ELB barne duen sindikatua) sindikatuek ez dute onartzen neurri hau, eta mobilizazioak atxikiko dituztela gehitzen dute.
FDSEAko Ipar Euskal Herriko adarreko arduradunak, Sebastien Üthürriagek, ez du onartzen behien hilketa masiborik, eta txertaketa dela irtenbide bakarra gehitzen du. "Klarki erran behar dugu gure departamentura ez dela oraino heldu eritasuna, hori da inportantea. Behar dugu ahalik eta oro egin eritasun hori ez dadin sekula hel gure departamentura", erran du Goiz Berri emankizunean Uthurriagek.
Klarki erran behar dugu gure departamentura ez dela oraino heldu eritasuna, hori da inportantea. Behar dugu ahalik eta oro egin eritasun hori ez dadin sekula hel gure departamentura
FDSEAren arabera behien txertaketa da afera honi irtenbidea emateko modurik hoberena. Sebastien Üthürriagen ustez behien hilketa masiboak ez dira irtenbidea. Bestalde, sindikatuak ez badu parte hartzen mobilizazioetan, bere kideei askatasun osoa ematen die parte har dezaten. "Ez dugu nehoiz erran gure kartadunek ezin dutela parte hartu mobilizazioetan, baina enetako inportanteena da txertaketa salu-salu egitea".
Ez dugu nehoiz erran gure kartadunek ezin dutela parte hartu mobilizazioetan, baina enetako inportanteena da txertaketa salu-salu egitea
Annie Genevard laborantza ministroaren dimisioa ez dela irtenbidea uste du Sebastien Üthürriagek.