Azaroaren 18an abiatuko da Zinegin festibala Hazparnen (Lapurdi). hamabosgarren aldia du eta aurten ere aniztasuna du protagonista: "Harribitxi asko ditugu zuei erakusteko", erran du Barbacek.
Egitaraua euskarazko zinemak betetzen du osoki. Ekimen bereziak izanen dira: Hasteko, erakusketa interaktiboak du zinemaldia abiatuko, Juliette Lizotte egilearekin batera, Xoribit gelan. Ostiralean ere, zine-bertso-saioa izanen da Xuriatean.
Larunbateko gaualdian Blue Kolective talde hazpandarra, Su lamina talde aihertarra eta Petra Comete baionar DJa ariko dira Ttattolan.

Ostegunean izanen da lehen zinema-gaualdia eta Fermin Muguruzak du protagonizatuko Muguruza FM 40 tour filmaren bidez . Aitzin, film-laburren saioa hedatuko dute: Maia Iribarneren Guretako eztia eta Nagore Ezeizaren Izarren zaunka. Azaroaren 23an, ekainean estreinatu zen Maspalomas ikusteko parada izanen da, euskara hutsean, zeinaren egileak baitira Jose Mari Goenaga eta Aitor Arregi.
Pette Etxebarriaren Fartsa baten lehen notak, Josu Martinezen Potasio eta Goizane Castilloren Aita baten semea film laburrek osatuko dute umorearen tartea Zinegin festibalean. Igande arratsaldean, berriz, Elsa Eliarj Inesen Nortarzünak seriearen lehen zatia zabalduko dute, zeinetan Sohütako ikastolako haurren segimendua erakusten baitu. 
Muskuilu eta Puah! publiko gazteenari zuzenduak zaizkio, haien euskarazko bikoizketa Lapurdiko gazteek egin dute.
Berriki Arantxa Urretabizkaia idazlea gomitatu du HAIK elkarteak Hazparnerat, preseski, Zergatik panpox liburutik filma egin zuten 1985ean, eta Zineginen erakutsiko dute.
Munstroak sortzen direnean Kontseilu Sozialistaren dokumentalak, berriz, Europako militante antifaxistei eginiko elkarrizketak erakutsiko ditu igande goizean.
Kotto izeneko militantearen gaineko dokumentala ere ikusgai izanen da larunbatean Gutun bat Kottori: "Testigantza-dokumentala da eta asko hunkitu gaitu", erran du Barbacek.
Lekeitioko Zinebilera festibala ere euskara hutsean ari da Zinegin bezala , horregatik ari dira elkarlanean eta urrian Zinebileran saritu dituzten filmak Hazparnen ere hedatuko dituzte.
Zineginek irisgarritasunari garrantzia handia ematen dio, ekimen berezi guziak -erakusketa, kontzertuak, bertso-saioa- urririk dira eta filma-proiekzioa 3 euroan. Sartzeak hemen eros daitezke eta hemen egitarauren xehetasun gusiak ikusi.