Eneko Jorajuria

·

10 Egunez Pantailak Utzi

«Haurrek denbora gehiegi pasatzen dute pantaila aitzinean eta horrek badu eragina, neurtua da»

Haurrek denbora gehiegi pasatzen dute pantaila aitzinean eta  horrek badu eragina, neurtua da
35 eskoletako 3.500 bat haurrek hamar egunez pantailak uzteko desafioari ekin diote. Ekitaldi berezi honetan parte hartzen dute Baionako Brana eskolako ikasleek. EUSKAL IRRATIAK
Lorea Mailharrancin
2026/05/20 09:57

Maiatzaren 19tik 29ra, Ipar Euskal Herriko 35 eskoletako 3.500 bat haurrek hamar egunez pantailak uzteko desafioa egiten dute. Parte hartze mailan errekorra da, gero eta argiago delako pantailen presentzia handiak eragin txarra duela haurrengan, bai burmuinaren garapenari begira, bai arreta galtzeari dagokionez.

Eneko Jorajuria 10 egunez pantailak uzteko desafioaren koordinatzailearen irudiko: "Haurrek denbora gehiegi pasatzen dute pantaila aitzinean, horrea badu eragina, neurtua da. Bereziki, aktibitate fisikoari begira, badakigu haurrak ez direla aski mugitzen, sobera denbora pasatzen baitute jarririk, eta pantailek hori biderkatzen dute."

Horregatik, parte hartzen duten eskolek hainbat ekitaldi antolatzen dituzte talde pedagogikoekin, haurrei eta familiei pantailak saihesten laguntzeko. Baionako Jean-Pierre Brana eskolak lehen aldiz parte hartzen du desafioan eta hainbat ekitaldi antolatu dituzte, haurrek eta familiek pantailak saihestu ditzaten: irakurketak, rap musikariekin tailer bat…



Lehen egunaren markatzeko, Baionako Brana eskolako haurrek pantailen marrazkiak egin dituzte eta sinbolikoki hauteskundeetako kutxa batean ezarri dituzte, pantailen uzteko hamar egunez. "Lehen aldia da hori ikusten dudala, atzematen dut ideia biziki ona dela", azpimarratu du Eneko Jorajuriak.

Gainera, Baionako herriko etxearekin hitzarmen bat sinatu dute, eta horren arabera, Brana eskolako haurrak Baionako igerilekura urririk joaten ahalko dira hamar egun hauetan. 

Interesgarri izanen zaizu