Igandean Espainiako hauteskunde orokorrak iraganen dira. Ia zortzi urtez Pedro Sanchez sozialista Espainiako aginte buru izan baldin bada, aburu ikerketek bestelakorik erakusten dute igandeko bozen karira. Eskuineko Alderdi Popularrak eta Vox eskuin muturrak bat eginen dutela hauteskundeen ondotik errana dute, aliantza eginez, gehiengo osoa erdiesteko.
Espainiako hauteskunde antolaketaren arabera, lau urtean behin eta sistema proportzionalean hautatzen dira legebiltzarreko diputatuak, eta hauek dute presidentea hautatzen (lehen ministrorik ez baita Espainian). Igandean beraz, Madrileko legebiltzarra berrituko da, eta 175 diputatu erdiesten duenak presidentea hautatuko du, hots, Pedro Sanchez edo Alberto Nunez Feijo.
Jon Telleria Naiz irratiko erredaktore buruaren ustez, eskuinaren eta eskuin muturraren batuketak hauteskundeak irabaz ditzake Espainian, baina, ez du uste inkestek ematen dituzten datuak oso zuzenak direnik. "Inkesten emaitzek diote eskuinak irabaziko duela, baina, dagoen argazkia baino, batzuen desioa erakusten dutela iruditzen zait. Botere mediatikoa oso eskuinera lerratua dago, eta ustez ezkerrekoak diren medioek ere ez dute maite Espainiako egungo presidentea. Inkesta guztiei ez diet kontra egingo, baina iruditzen zait datuetan esajerazioa badela. Inkestak oso puztuta daudela esango eskuinaren mesedetan".
Inkesten emaitzek diote eskuinak irabaziko duela, baina, dagoen argazkia baino, batzuen desioa erakusten dutela iruditzen zait
Alderdi sozialistaren ezkerrean kokatzen diren bestelako ezkerreko partidu politikoek, zenbait diputatu ateratzen dituzten da benetako gakoa, Jon Telleriaren ustez. "2023an justu-justu lortu zuen gehiengo osoa Pedro Sanchezek ezkerreko alderdien laguntzarekin, eta abertzaleen sustenguarekin. Ikusi beharko da zenbakiek zer dioten igandean, baina, argi dagoena da Alderdi Popularrak PPk, eskuin muturraren laguntza beharko duela bai ala bai, boterea hartu nahi badu, ez baitu beste inoren sustengurik".
2023an justu-justu lortu zuen gehiengo osoa Pedro Sanchezek ezkerreko alderdien laguntzarekin, eta abertzaleen sustenguarekin. Ikusi beharko da zenbakiek zer dioten igandean
Hego Euskal Herriari dagokionez orotara 23 diputatu hautatuko dira, hemezortzi Euskal Autonomia Erkidegoan eta bost Nafarroan. Senatariak berriz hamazazpi; hamabi Gipuzkoa, Bizkaia eta Araban, eta bost Nafarroan. EH Bilduk eta PS sozialistak seina diputatu dituzte Hego Euskal Herri osoan. Euzko Alderdi Jeltzaleak bost ditu, denak Euskal Autonomia Erkidegoan; eta eskuinak, orotara, lau ditu, bere marka ezberdinak kontutan harturik, bai Nafarroan eta Euskadin.