Euskal literatura, haur eta gazteena eta euskara erdigunean ezarriko dute bi egunez Saran, ortziralean eta larunbatean Ikusi Mikusi festibala kari (urriaren 9an eta 10ean) . Aurtengo berritasunetako bat da idazle edo artista batek dituela tailerrak eramanen, zuzenean, aitzinetik erakasleek eta ikasleek prestaturiko galderak pausatuz; formula berri honekin zuzenean elkar topatzeko parada izanen dute. Biziki goxatu, osoki maitatu da Ikusi Mikusi festibalaren seigarren aldi honetako lema.
Euskaraz erakasten duten eskola guziek dute aukera Ikusi Mikusirat joateko. Arrakasta ikaragarria biltzen du festibalak, haziak ereiten dizkiete haurrengan, eskolatik kanpo euskaraz gozatzen batitute. Horren parte da, haur bakoitzak eskuratzen baitu nahi duen liburua erosteko, euskara hutsean. "Horrek sekulako eragina du, berak (haurrak) baitu hautatzen".
Izen emateak ireki dituztelarik, konparazione, hiru oren laurdenez bete zaizkie tokiak Ikusi Mikusirat joateako , 1101 haur dira joanen Sararat ortziralean.
Sara osoa du hartzen festibalak, plaza, kiroldegia, gelak... Hego Euskal Herritik jin ohi da ere jendea; Hennebutten arabera, herria bertzelakatzen da.
Niniak izan edo nerabeak, berdin berdin festibalak badu zer eman, badu tokia adin ororendako. Aurtengo gomita berezia Asisko Urmeneta izanen da, nerabeei zuzenduko zaie bereziki: "Zerk irri eginarazten dizu?" galderari entseatuko da ihardesten marrazkiek lagundurik, zeina aurtengo gaia baita.
Ixabel Agirresarobe ilustratzailea, Yolanda Arrieta, AItziber Alonso, Josianne Ager Valencia idazleak dira bertzeak bertzen gomit aurten; Maddi Zubeldia eta Bernadette Iratzoki artistak ere bai... Euskara hutsezko liburuak ekarriko dituzte argitaletxeek.
Hennebuttek bereziki eskertu ditu Etxepare lizeoko animazio pro saileko ikasleen laguntza, tailerrak animatuko baituzte ortziralean. Gisa berezan, merkataritza pro sailekoek ere komunikazioan haien ekarpena egin dute. Antolatzaileak azpimarratu nahi izan du 16, 17 edota 18 urteko gazteak "loriatzen" ikustea festibalean.
Haur eta gazte literaturan argitaraturiko lan guzi-guziak hor atzemanen ditu Ikusi Mikusirat hurbilduko denak.
Informazio guzia biltzeko edota tailerretan izena emateko wwikusimikusi.eus webgunean aski da sartzea.
Erran behar da den dena urririk dela, tailerrak salbu.