Lurramaren 20. edizioko gazama da Elena Agerre. Jateko sagarrak ekoizten ditu, Baigorrin, eta biharko laborantzaren norabidea irudikatzen du.
Hamabi urte baratzezaintzan pasatu ondoren, 2022an jauzia egitea erabaki zuen Elenak eta bere ustiapen propioa sortu zuen: hektarea eta erdi inguruko sagardia, Baigorrin. Euskal Herriko Laborarien Batasuneko (ELB) kidea da. Elena Aguerre azaroaren 7, 8 eta 9an Biarritzen iraganen den Lurrama laborantza herrikoiaren bestako gazama izanen da. Bidarraitarra da sortzez, eta ez da laborantza familia batetarik heldu; beraz, bere hitzetan, erronka handiena lur zati bat atzematea izan da: «Hemen, gehienetan, lurrak familian transmititzen dira. Etxaldea erretiroan ez bada hartzen, normalean auzokoei uzten zaie», azaldu du. «Nik xantza handia ukan dut; jabearekin ondo moldatu naiz, eta berak erabaki ausarta hartu du», gaineratu du.
Hala ere, ez da lurraren jabea: 25 urterako alokairuan du sagastia, bai biltegirako espazioa. Elenaren ustez, halako sistemak etorkizuneko bide interesgarria izan daitezke, transmisioaren arazoari aterabideak xerkatzeko.
Aniztasunaren aldeko parioa
Aurten, 20 tona sagar bildu ditu laborantza ekologikoan, eta etorkizunean 25 tonako ekoizpen ertaina erdietsi nahiko luke. Euskal herrian molde profesionalean ekoiztuak diren jateko sagar guti da.: «Hemen baratzezaintza gutxi garatu da; abeltzaintza da nagusi. Baina gure elikadura-burujabetasuna bermatzeko, aniztasunean da gakoa», azaldu du. Klima-aldaketaren ondorioak ere bere kezken erdigunean dira.