Jon Irazola

·

Iheslari ohia

«Iheslariok ez dugu aski eskertu Ipar Euskal Herriko biztanleriak eman zigun sustengua»

Iheslariok ez dugu aski eskertu Ipar Euskal Herriko biztanleriak eman zigun sustengua
Jon Irazola iheslari ohia Monbar ostatuko atentatuaz mintzo. EUSKAL IRRATIAK
Jose Luis Aizpuru
2025/09/24 11:53

Duela berrogei urte Baionako Monbar ostuan ziren lau euskal iheslari politiko tiroz hil zituen GALek, eta beste bat zauritu. Ondorio larriak eta inpaktu handia ukan zituen atentatua, ez zen Espainiar estatuko aparatuek abiaturiko gerla zikinaren bitartez egindako bakarra izan. 80ko hamarkadan, orotara, 27 euskal herritar erail eta beste hamarnaka lagun zauritu zituen GALek Ipar Euskal Herrian.

Jon Irazola iheslari ohiaren arabera gogorra izan zen atentatu hura: "lau lagun kolpez hil zituzten, eta biziki hunkitu gintuen". Baina ez zen atentatu bakarra izan, Lasa eta Zabalarekin hasi baitzen GALen ibilbidea Ipar Euskal Herrian 1983an. Irazolaren arabera, Frantziako eta Espainiako gobernuak fite lotu ziren lanera "erresistentziaren kontra", baina ez soilik, "beste zenbait herritarren kontra ere jo baitzuten, Segundo Marey, erraterako". Iheslari ohiak gehitzen du, Frantziako gobernutik mezuak igorri zitzaizkiela errefuxiatuei, Espainian zuen enbaxadorearen bidez. "Mezua argia izan zen, edo zuek gelditzen duzue dena, edo, Iparraldean duzuen santutegi hau bukatua da", erran zitzaigun. Eta errepresioa, deportazio, estradizio eta urgentziazko kanporaketekin, abiatu zen, nehoiz ez bezala.

Mezua argia izan zen, edo zuek gelditzen duzue dena, edo, Iparraldean duzuen santutegi hau bukatua da, erran zitzaigun Frantses gobernutik

40 urtez oroituz ekimena uda aitzin sortu bazen, ostegun honetan burutuko du bere ekitaldirik nagusiena, Monbarreko atentatuan hil ziren militanteak oroitzeko. Baiona Ttipiko karriketan, arratsaldeko 17:30etan Réduit plazatik abiaturik. Dominika Daguerre eta Jakes Bortayrou baionarrek GALek Baiona Ttipian egin atentatuen ibilbidea eta historia azalduko dute, garai hartako argazkiak erabiliz. Eta ondotik, Baiona Ttipiko Pannecau karrikaren 24.ean, Hotel Monbar zegoen lekuan, arratsaldeko 19:00ean eginen da ekitaldi nagusia. Bertan hitzartze ezberdinak egin eta GALek eraildako biktimei aitortza egingo zaie.

Publizitatea

Interesgarri izanen zaizu