Nikola Mendiburu eta Jean Marie Irigoien

·

BLEko lehendakaria eta kidea

«Ingurumena eta osagarria nola kaltetzen diren ikusiz, argi da: hobeki ateratzen gara bio kontsumituz»

Ingurumena eta osagarria nola kaltetzen diren ikusiz, argi da: hobeki ateratzen gara bio kontsumituz
Jean Marie Irigoien eta Nikola Mendiburu, BLEko kidea eta lehendakaria. AMIKUZEKO IRRATIA
Ainize Madariaga
2026/03/24 06:00

Pestizidarik gabeko astea kari, Biharko Lurraren Elkarteak [BLE] hamar eguneko egitaraua prestatu du. Berez, Générations Futures elkarteak du jo BLEren bortan, eta elkarrekin pentsatu dute zer egin.

Aste osoan izanen da erakusketa bat etxeetan baliatzen diren produktu kimikoen eraginari buruz. Bestalde, martxoaren 29an, Donapaleuko zinema gelan Droits dans leurs bottes filma hedatua izanen da, eta ondotik, solasaldia BLEko zenbait kiderekin.

BLEren baitan dute laborantza garbi baten egitea, alternatibak proposatzen ditu egin ahala garbiki aritzeko; bertzeak bertze, pestizidarik gabe. Ahal bezain pragmatikoak dira proposamen horiek, eta nahikeria handia du elkarteak erakustea baietz, posible dela bertze gisa batez aritzea laborantzan. Nikola Mendiburu BLEko lehendakariak azpimarratu du orain badutela ardura bat transmisioan, bertze modelo baten erakusteko.

Donapaleuko mediatekan paratu duten erakusketan ikus daiteke zenbat diren egunerokoan etxeetan diren produktu kimikoak eta zein diren haien eraginak.
Etxeetatik kanpo, laborantzan baliatzen diren pestizidak aipatu ditu ere Jean Marie Irigoien BLEko kideak. Dioenez, oraingo egunean, nehor ez dela ezjakintasunean, baita aski informazio jakiteko zein diren pestiziden ondorioak, nola erabili behar diren, pozoien ondorioz zenbat kostatzen den uraren garbitzeko...

Ohartarazi du ere, beldurgarria dela aktualitatea, konparazione, Duplomb legea ez zen pasatu Frantziako legebiltzarrean, alta, orain, berriz ere agerrarazi dute eta "haizea alde dutela", eta ikusi dituela laborariak goraki aldarrikatzen ura nahi den bezala erabiltzea, pozoia araurik gabe baliatzea... Alta, Irigoienek lanjer handia ikusten du hor eta behar dela denen interesetan borrokatu.

Mendiburuk aitzinerat ekarri du orain jendea informatua dela, "Orain badakigu eta zinez eskuetan hartu behar dugu modelo horretatik ateratzeko eta aterabideak proposatzeko laborariei eta laborantza sistemak aldatzeko.

Bada ideia laborantza biologikoak ematen dituen mozkinak biziki kario direla, alta, Irigoienek bertze gisa batez ikusten ditu kalkuluak: "Ontsa dena kontutan hartzen badugu, ingurumenari eta osagarriari ematen dituen kalteak, segur dena da, argi eta garbi da, ekonomikoki ere hobeki ateratzen garela produktu ekologikoak kontsumituz. Zenbakiak mintzo dira".

Nikola Mendiburuk ere argi du: "Uraren eta elikaduraren kalitateari behatuz, gizartea aise hobeki aterako litzateke laborantza biologikoan ariko balitz".





Interesgarri izanen zaizu