Ruth Perez de Anucita

·

Donostiako Zinemaldia

«Inoiz baino euskal ekoizpen gehiago izanen ditu aurtengo Zinemaldiak, historikoa da»

Inoiz baino euskal ekoizpen gehiago izanen ditu aurtengo Zinemaldiak, historikoa da
Ruth Perez de Anucita komunikazio arduraduna 2025eko Zinemaldiko euskal ekoizpenen aurkezpenean. PABLO GÓMEZ/ZINEMALDIA
Aimar Lopez Erasun
2025/09/17 09:04

Zinemaldiko pantailak historiako euskaldunenak izanen dira aurtengo irailaren 19tik 27ra, euskarazko 27 filma eta 38 euskal ekoizpenekin. 1980. hamarkadan euskaraz filmaturiko lau klasikoak proiektatuko dituzte, Sail Ofizialean euskarazko hiru filma izanen dira, eta Zuzendari Berrien sailean bat. Orotara, 254 filma proiektatuko dituzte bederatzi egunetan zehar.

Euskal zinemaren hiru belaunaldien topaketa irudikatuko du aurtengo Donostiako Zinemaldiak. Klasikoak sailean 80. Hamarkadako euskarazko lau filma ikusten ahalko dira: Ehun Metro, Hamaseigarrenean Aidanez, Oraingoz izen gabe eta Zergatik Panpox.

Sail Ofizialean, Asier Altunaren Karmele, Jose Mari Goenaga eta Aitor Arregiren Maspalomas eta Koldo Almandozen Zeru Ahoak leihatuko dira. Eta Zuzendari Berrien sailean edo Zinemiran Irati Gorostidi eta Sara Fantovaren lehen film luzeak hedatuko dituzte, bertzeak bertze. Zabaltegi-Tabakalera, Horizontes Latinos, Nest, Culinary Cinema, Made in Spain eta Haurrentzako Zinema sailean ere izanen dira euskal ekoizpenak, hots, Zinemaldiko sail gehienetan.

Asier Altuna eta Telmo Esnalen ibilbidea omendua

Aupa Etxebeste! filma pantailetara iritsi zenetik hogei urte betetzen diren urtean, Zinemira saria emanen diete Altuna eta Esnal zuzendariei. EPE/IBAIA euskal zine ekoizleen elkarteak banatzen duen sariak bi zinegileen ibilbidea sarituko du, fikzioa eta ez-fikzioa uztartuz euskal zineak egun bizi duen egoerara iristeko ezinbertzekoak izan baitira bi zuzendariak.

Donostia Saria berriz Jennifer Lawrence aktore estatubatuarrak jasoko du aurten, Hunger Games, X-men edo Silver Linings Playbook telesail eta filmetan aritzeagatik ezaguna denak.

Urtero bezala, irailaren 19tik 27ra Zinemaldiaren jarraipen berezia eginen dute Euskal Irratiek, euskal zinegile eta aktoreekin elkarrizketak eta estreinaldien berri emanez. Aurten, euskalirratiak.eus webgune berrituan ere jarraitzen ahalko da Zinemaldia.

Palestinar herria gogoan

Iazko zinemaldian antzezle, zuzendari eta ekoizle andanak Palestinaren aldeko keinu eta adierazpenak egin bazituzten, aurten, Gazan Israel egiten ari den genozidioaren aitzinean, adierazpen instituzional bat egin zuen irailaren 5ean Donostiako Zinemaldiko zuzendaritza batzordeak. Bertan, Giza Eskubideen errespetua galdegin zuten, eta genozidioa gelditzeko eta su eten bat eskatu. Jaialdiak iraunen duen artean ere, litekeena da hainbat protesta eta elkartasun erakustaldi egotea.

Publizitatea

Interesgarri izanen zaizu