Alain Iriart

·

Euskal Elkargoko lehendakaria

«Inportanteena da hautetsien engaiamendua proiektu baten inguruan, ez ideologia»

Inportanteena da hautetsien engaiamendua proiektu baten inguruan, ez ideologia
Alain Iriart Euskal Hirigune Elkargoko lehendakariak lehen elkarrizketa eskaini du bere hautaketaren ondotik. EUSKAL IRRATIAK
Jose Luis Aizpuru
2026/05/15 08:05

Alain Iriart Euskal Hirigune Elkargoko lehendakari berriak bere lehen elkarrizketa eskaini du Euskal Irratietan. Elkargoaren organigrama aurkeztu du, delegazioak eta postuen banaketa nolakoa izanen den eta talde exekutiboan izanen diren 44 hautetsiek ukanen dituzten karguen berri eman du.


Nicole Etxemendi hautetsi garaztarrak, ukanen du ardura gehien exekutibo berrian, bi delegazioren buru izanen baita, batetik, tokiko gobernantzarena, eta bestalde, bizitegien arloarena. Ekonomiaren ardura, bi hautetsik elkarrekin ukanen dute : Peio Etxeleku Kanboko auzapezak, eta Sylvie Durruty, Baionako axuantak; Joseba Erremundegik Lurraren estrategia eramanen du; Laborantza Herve Damestoi, Lekorneko auzapezak; Antton Kurutxarri Baigorriko merak, hizkuntz politika eta kultura; eta Serge Blanco, Biarritzeko auzapezak, kirol arloan


Hamabost egun behar izan ditu lehendakari berriak exekutiboko kide guztiekin mintzatzeko eta delegazioak banatzeko. Ez du uste ideologikoki hain ezberdinak diren hautetsiekin lan egiteak arazorik sortuko dionik bere lantaldean: "Ideologien ondoan, edo gibelean, inportanteena da hautetsi bakoitzaren engaiamendua proiektu baten inguruan".


Ideologien ondoan, edo gibelean, inportanteena da hautetsi bakoitzaren engaiamendua proiektu baten inguruan

Egiteko molde berri bat xerkatzen dutela bera bozkatu zuten hautetsiek uste du Iriartek, batez ere barnealdeko hautetsiek. "Barnealdeko hautetsi eta poloek deszentralizazioa xerkatzen dute eta egiteko manera berri bat, eta hori da nire programaren funtsa. Hautetsiak ezarri nahi ditut gure politiken erdian, eta galde horri arrapostu eman behar dio antolaketa berri honek".


Hautetsiak ezarri nahi ditut gure politiken erdian, eta galde horri arrapostu eman behar dio antolaketa berri honek


Ekainetik goiti Euskal Hirigune Elkargoko hamar poloak bisitatuko ditu Iriartek, eta deszentralizaziorako duen proiektua aurkeztuko die hautetsiei.

Interesgarri izanen zaizu