Mendi Goihenetxe Larralde

·

Ekologoa

«Ipar Euskal Herrian ekologo baten lana izaiten ahal da adibidez espezia baten inguruan lan egitea»

Ipar Euskal Herrian ekologo baten lana izaiten ahal da adibidez espezia baten inguruan lan egitea
Mendi Goihenetxe Larralde ekologoa da ofizioz eta bere lana ekosistemen ikerketan oinarritzen da. EUSKAL IRRATIAK
Lorea Mailharrancin
2026/02/17 08:00

Hirigune elkargoko plangintza berriak sortzen ari diren testuinguruan, ekologo baten lanari begiratzea interesgarria da. Horien artean, Mendi Goihenetxe Larralde bada. Ekologoa da ofizioz, ekologo baten lana Goihenetxeren arabera "ekosistemen ikerketan" oinarritzen da. Bere lanaren muina ingurumenaren sentsibilizazioa egitea eta jakitatea transmititzea da, bai enpresei, bai publiko zabalari.

Ipar Euskal Herrian ekologo baten lana adibidez espezia baten inguruan ikerketak egitea izaten ahal da. Mendi Goihenetxe Larraldek gehitu du: "Usu da lanjerrean den espezia bati buruz. Adibidez ur-satorrari buruz edo Europako bisoiari buruz".

Obrak direnean, kontseilari gisa ere esku hartzen du, bereziki eraikuntza arloko enpresekin lanean. Proiektua eramango duen enpresa laguntzen du, legeak agintzen dituen neurriak betetzen laguntzeko. Helburua argia da: hirigintza lanek ingurunean izan ditzaketen kalteak ahalik eta gehien murriztea eta ingurunea hobeki babesteko bideak proposatzea.

Horretarako, ekosistemen funtzionamendua aztertzen du eta hirigintza obra proiektuen ondorioak ebaluatzen ditu. Kanpoko lana funtsezkoa dela azpimarratzen du: lurrean bertan egindako ikerketen bidez, animalia eta landare espezieei buruzko datuak biltzen ditu, baita ingurumen baldintzei lotutako informazioa ere. Mendi Goihenetxe Larraldek kanpoko lan hau azaltzen du: "Espezie bakoitzarentzat teknika berezi bat ukanen ditugu, izaten ahal da entzumenaz errekonozitzea espezia bat, izaten ahal da elektrikazko arrainketa batzuk ere. Izaten ahal dira dispositibo batzuk justu muntatzea eta segipen bat segurtatzea espezie batzuentzat, ugaztunentzat adibidez".

Datu horiek baliagarriak dira proiektu batek izan ditzakeen ondorioak aurreikusteko. Ekologo baten lana ez da, ordea, enpresetara mugatzen. Herri batek ere kontsulta dezake eremu baten egoera ekologikoa ebaluatzeko. Horrez gain, publiko zabalari zuzendutako sentsibilizazio lana egiten du, ingurunea hobeki ezagutzeko eta zaintzeko beharra azpimarratuz. Entzuleak gomitatzen ditu "Haien inguruan lehen txorien entzuten. Hor pixka bat udaberria hasten da beraz gero eta abere gehiago ikusiko ditugu eta untsa da garai horretaz baliatzea emeki-emeki gure inguruan diren espeziak pixka bat ezagutzeko".

Interesgarri izanen zaizu