Gazteen irakurketa ohiturak, Euskal Kultur Erakundearen dispositiboetan oinarrituz ikerlana aurkeztu du Ainhoa Gorostiaga Hirigoyen Larresoroarrak. Euskal ikerketa masterra Baionan segitu du bi urtez 24 urteko gazteak, eta lehen aldikotz Euskal Kultur Erakundeak bere ateak ideki dizkiote ikerlariari bere alternantzia haien egituran segi dezan. Gazteek ez dutela gehiago irakurtzen eta oraino guttiago euskaraz oharturik, kezka horrek bultzatu du, urte batez, literaturari interesatzera, baita batez ere EKEk eskaintzen dituen dispositiboen eraginei.
Gazteen ohituren argazki orokor baten plantatzen entseatu da, ikerketa 4. zikloko ikasleekin eramanez Seaskako Xalbador Kolegioan, Piarres Larzabal Kolegioan eta Kattalin Elizalde Kolegioan; eredu publikoko Maurice Ravel, Marracq eta Elhuyar kolegioetan; eta eredu pribatuko Saint Michel Garikoitz eta San Bixente kolegioetan. Hauetan, EKEren Booktrailer Lehiaketa eta Idazleak Ikastetxean dispositiboak segitu ditu hurbiletik batez ere.
Hainbat ikasle eta irakasle galdezkatu ondotik, emaitza baikorra azpimarratu du. Bai, gazteek euskaraz irakurtzen dute, eta bai, literaturazko kultura ere badute. Nahiz eta maiztasun desberdinak izan, funtsezko ohartaraztea egin du ikerlariak: irakasleen inplikazioak paregabeko rola du, ikasleei irakurketaren gustuaren emaiteko. Bestalde, azpimarratu du EKEk plantatzen dituen bezalako dispositiboek eragin eraginkorrak ekartzen dituztela, literatura munduarekin lehen kontaktua ukaiteko bederen.
Bestalde, euskarazko literaturari lotzeko, hainbat beldur eta ideia deseraiki behar direla oroitarazi digu Gorostiagak. Izan ere, usu aurreiritzi zonbait gelditzen dira buru guzietan. Euskaraz irakurtzea zaila da. Euskal liburuen eskaintza ez da zabaldua. Ez dugu gure burua euskal liburuetan ezagutzen. Nork ez ditu sekulan entzun erranaldi horiek. Ikerlari gaztearen ikuspundutik, ideia faltsuak dira horiek, eta ontsa lagundurik, errexki atxemaiten ahal dira bakoitzarendako egindako liburuak. Beldurra baztertzea eta ausartzea lirateke beraz lehen urratsa euskal literatura munduan sartzeko.