Nicolas Regerat Urrunako suhiltzaile ohia, Angeluko kasernako kapitain izan zen erretreta hartu aitzin. Esperientzia handia du suteetan, eta munduko hainbat tokitan izan da sokorri lanetan. Landesetan eta Gironda eskualdeetako piztu suteak ez ditu nehoiz ezagutu. "Nik ez ditut sekula ikusi horrelakoa suteak. Ikusi ditut ainitz, baina hain handiak ez", elkarrizketa hasteko erran digu Regeratek, erretretan den suhiltzaileak.
Pinuak direla erretzen diren lehen zuhaitzak gehitzen du. Haize azkarrarekin batera, sekulako garaiera hartzen dutela garrek: "sua igotzen da arbolaren puntaraino, garrak, 30 edo 40 metrora arteko garaiera hartzen dute, eta biziki zaila da sua atxekitzeko".
Sua igotzen da arbolaren puntaraino, garrek, 30 edo 40 metrora arteko garaiera hartzen dute, eta biziki zaila da sua atxekitzeko
Departamentutik sos murrizketak izan direla ohartarazten du ere suhiltzaile ohiak, baina azken bi urteetan kamioi ainitz erosi direla, ikusi baitute behar beharrezkoa zela material berria erostea suteei buru egiteko. "Buxeta apaldu da, baina azken bi urteetan egia da kamioi ainitz erosi direla. Duela lau urte inguru Girondan izan zen suteak ainitz erakutsi zigun, eta hor inbertsioak emendatu ziren", dio Nicolas Regeratek.
Sute berezi hauen karira suhiltzaileek formakuntza bereziak dituzte; gero eta suhiltzaile gehiagok parte hartzen dutela ikastaro hauetan nabarmendu du Regeratek. "Lehen Ipar Euskal Herrian suteak baziren, batez ere, neguan, baina, orain arriskua hor dugu. Ikusten dugu Iratin bazterrak idor-idor direla. Sekulan ez genuke pentsatuko Iratin su arriskua izanen zitekeenik, baina, gaur egun, Iratin arrisku handia bada, eta horretarako suhiltzaileak formatu behar dira".