Duela sei urte hamabost bozen aldearekin Itsasuko bozak irabazi zituen Mikel Hiribarrenek, zerrenda abertzale bat gidatuz. Parean beste bi zerrenda ukan zituen. Martxoaren 15eko bozetan berriz ez du oposizioko zerrendarik izanen, beraz, trankil da kanpaina burutzen.
Itsasuk 2.200 biztanle ditu, hemeretzi hautetsi herriko etxean. Gaur eguneko auzapezaren zerrendak ez du oposiziorik ukanen ondoko sei urteetan. "Ez ditugu gureganatu oposiziokoak", erran digu Hiribarrenek, "konfrontazio girotik ateratzeko xede bazuten haiek ere, eta elkarlanean lotu direla erranen nuke, eta ongi konpondu gara sei urte hauetan". Hala ere, 21 pertsonako zerrenda bat osatzea, (19 hautagai eta bi ordezko), ez dela hain erreza aitortu digu auzapezak: "Gaur egun garai batean baino lan gehiago egin behar da jendea biltzeko zerrenda batean. Horrek ere esplika dezake zergatik ez den beste listarik gure herrian".
Gaur egun garai batean baino lan gehiago egin behar da jendea biltzeko zerrenda batean. Horrek ere esplika dezake zergatik ez den beste listarik gure herrian
Itsasun, duela sei urtera arte, ez zen inoiz izan auzapez abertzalerik. Aldaketa soziologiko bat eman denez galdetu diogu Mikel Hiribarreni: "Aldaketa gehien izan da lehen abertzaleak baztertuak ginela, eta orain denek onartzen dute besteekilakoak garela, eta denek herri honen aitzinamendua nahi dugu. Guk abertzale gisara kolore berezia ematen diogu, gure herria Euskal Herria dela asumitzen baitugu".