Carlos Garaikoetxea zendu zen atzo, 87 urtetan, bihotzeko baten ondorioz. Frankismoaren ondorengo lehen lehendakaria eta euskal autogobernuaren berreskurapenean funtsezko liderra izan zen politikari nafarra. Gerora, lehendakaritzara lehen aldiz eraman zuen EAJrekin hautsi eta Eusko Alkartasuna alderdiaren sortzailea ere izan zen, eta euskal nazionalismoaren erreferente nagusietakoa bilakatu zen XX. Mendearen bukaeran.
Garaikoetxearen heriotza aipatu dugu Elixabete Garmendia kazetariarekin. 2018an, Carlos Garaikoetxea, Lider bat lehendakari biografia argitaratu zuen Garmendiak, lehendakariarekin izandako hainbat elkarrizketaren bilduma. Diktaduraren ondorengo lehen lehendakaria izan bazen ere, Eusko Jaurlaritzaren lehen buruzagi Jose Antonio Agirreren ondarea jarraitu zuela dio Garmendiak, eta zatiketak zatiketa, Euskal Herriaren alde ahalik eta batasun zabalenak lortzen entseatu zela.