Mentak bortz urte bete ditu, karia horretara, egitarau berezia prestatu dute buruilaren 11an, Ortzaize Mentan berean.
18::00etatik goiti jan-edanak izanen dira, ondotik, 19:00etan, txotxongilo-ikusgarriak hartuko du lekua, adin guziei zuzendua. Karaokeak borobilduko du gaualdia.
Charlotte Rousseau Mentaren sortzailearen aburuz, liburuak beldurgarriak izan daitezkeenez, proiektuaren bidez "desakralizatu" nahi izan ditu, garrantzitsua zaio: ez baita formakuntzarik behar liburuak leitzeko. "Liburuak bizirik dira eta posible da haien integratzea egunerokoan".
Hari beretik, liburudenda ez da leku isila, bilatua den giro bat da, Rousseau: "Hola maite dut liburudenda, bizi den tokia izan dadin, harrabotsa izan dadin nahi dut, trukatzeko leku bat izan dadin".
Hozkero, Mentaren inguruan sare gotorra josi da, eta hori, hastapenetik: " Kristoren xantza dut: abiatu bezain zalu sentitu baitut sustengua eta egunero! Jendea proiektuari lotu zaio, enetzat, enpresa bat baldin bada ere, ez da hori bakarrik, proiektu kolektiboa baita".
Charlotte ROusseauk gazte-gaztetik murgildu izan da liburuen orrietan barrena, eta beti atxiki du irakurzaletasuna, ikusten du liburuek badutela rol garrantzitsua munduaren ulertzeko eta deskubritzeko. Hori, bere bidaien bidez ikusi du, eta, liburuei esker ere, segitzen du bidaiatzen. Uste du jendarteaz gogoetatzeko baitezpadakoak direla liburuak, ate bat direla mundura jalgitzeko, norbera irekitzeko. Azpimarratu du, liburuzainek badutela ardura handia horretan, are gehiago garai historiko hauetan, norberaren askatasuna, kultura, hizkuntza baitira aldi berean liburuak.
Gainera, Rousseauri liburuak zubi-lanak ere bazaizkio jendearekin harremantzeko. Liburua eta irakurlearen arteko harremana intimoa bada ere, liburuzain gisa ohoratua sentitzen da bien artean sartzeko galdegiten baitiote, konfiantza baitute beregan liburu-gomendioak galdatuz.
Elkarrizketa bukatu dugu liburuzaintza aipatuz, Rousseauk aitortu du errentagarritasun gutien duen ofizioetarikoa dela, eta garai zaila dela. Hala ere, harritua da zer arrakasta bildu duen proiektuak hastapenetik, funtsean, sekulako beharra baitzen.
Horiek hola, batzuek ohartarazi zioten euskarazko liburu-eskaintzak kalte eginen ziola aferari, haatik, kontrakoa gertatu da, eskaera handia baitu.
Funtsean, Charlotte Rousseauk eta aski berriki hasia den lankideak kausitzen dute liburuzaintzatik bizitzen. Horrek ez du kentzen gogoan duela garai zailak ere jinen zaizkiela, baina, badaki baduela sustengu handia, eta horri atxikia zaio. Ohartua da ere Barnealdean jendeak baduela tokian tokiko merkataritzaren begiratzeko kontzientzia handia.