Egiazki likore etxeak 10 urte betetzen ditu aurten. Camille eta Benjamin Fourt Arteaga anai biki senpertarrek sortu zuten, Patxarana ekoizten hasteko, Ipar Euskal Herrian ez baitzen orduan anitz egiten. Ondotik, eskaintza zabaldu zuten, euskal produktuekin egindako likore eta alkohol sendoak ekoiztuz Senperen. Gaur egun, hamar langile dituzte eta urte honetan 120.000 botila saldu dituzte.
Eta, hamar urteak ospatzeko, besta berezia antolatu dute Sanoki haien ostatuan larunbat gauean, Senpereko Lizardia gunean. Eguerdian, sagarno bazkari alaitua izango da tokiko jaki eta goxotasunekin; gauean berriz, likore dastaketa eta musika giroa izango dira Sons of Kentucky eta Xixtor of a Down taldeekin, eta amaieran DJ Xantal-en saioarekin.