Kanbon aldaketa politikoa izanen da, igandeko bigarren bozaren ondorioz. Peio Etxelekurentzat parioa erreusitua izan da: bozen %46,54 eskuratuta, Christian Dévèze auzapez kargutik kentzea lortu du eta, ondorioz, auzapez berria izateko bidean da.
Bigarren postuan gelditu da orain arteko auzapeza, Christian Dévèze, bozen %33,74rekin; haren zerrendak bost ordezkari izanen ditu herriko kontseiluan. Hirugarren tokian sailkatu da Argitxu Hiriart Urruty, %19,70eko babesarekin, eta bi aulki eskuratuko ditu. Emaitza hauekin, EAJk gidatutako taldeak agintea hartuko du Kanbon. Peio Etxelekuk baikorki baloratu du emaitza, azpimarratuz bozkatzaileek argi eta garbi adierazi dutela haien hautua. Emaitza hori egindako entzuketa lanaren fruitu dela ere nabarmendu du.
Bestalde, Marieniako lur eremuen auzia garrantzitsua izanen dela iragarri du; izan ere, Etxeleku publikoki proiektu horren aurka agertu da. Hala ere, “korapilatsua” dela ohartarazi du, eta konponbideak denbora beharko duela azpimarratu du Kanboko auzapez berriak.
Hirugarren itzulia Euskal Hirigune Elkargoan
Euskal Hirigune Elkargoari begira, laster osatuko da egitura berria eta lehendakaritza ere berrituko da. Horri dagokionez, Etxelekuk ez du oraindik publikoki adierazi lehendakaritzarako aurkezteko asmorik. Momentuz, Kanboko kudeaketan zentratu nahi du, Elkargoari buruzko erabakiak hartu aurretik.