Ipar Euskal Herriko ekoizpen bakarra da aurtengo Donostiako Zinemaldian, Elsa Oliarj-Inèsen Txakun Txakür film dokumentala. Ordubete pasatxoan, Sohütako ikastolako klase bateko haurren zortzi urteko bizipenak ikusgai dira, hazten diren bitartean.
Pixkanaka, giroaren bortiztearen lekuko bilakatzen da ikuslea, zuzendariarekin batera. Hainbertze urtez haurren artean murgildurik, kamera ikusezin ez baina ikaskide bat bilakatzen da, eta haurrak naturalki ari dira, dokumental baterako ezohiko moduan.
2014an hasi zuen filmaketa lana, bukatu berri zuen Haien gaztaroan dokumentala eta gero. Orduko hartan Xiberoan bizi ziren gazteen bizia zuen aztertu, kanpoan bizi zen xiberotar gisa. Haatik, azaldu digunez, lan hori eginik, erroetan gibelago joateko beharra sentitu zuen; haurtzarora, nortasuna eraikitzen den lekura. Sohütako ikastolan filmatzen hasi zen, bere ikastola izan zenean. Telesail bat egiteko asmoa zuen hastapenean, eta horregatik gelako hemeretzi ikasleak filmatu zituen, haiekin elkarrizketa eta guzti. Azkenik baina, Txakun Txakür filma da proiektuak eman duen uzta.
400 orduko material filmatuarekin lan egin du zuzendariak, 2014 eta 2022 artean grabatua. Koronabirusak eragindako konfinamenduen ondotik ezberdintasunak nabaritu zituen ikasleengan, harremantzeko gaitasuna kaltetu ziela isolatzeak, eta sortzen ziren bazterkeriak emendatu zirela.
Atzo, asteazkenean estreinatu zen Txakun Txakür Zinemaldian. Gaur eta bihar ikusten ahalko da, hurrenez hurren, 20:30ean eta 18:00tan, Principe zineman.