Martxelo Otamendi

·

Torturak jasandako kazetaria

«Nazio Batuen Auzitegiak balio lezake zigortuak diren estatuak lotsarazteko»

Nazio Batuen Auzitegiak balio lezake zigortuak diren estatuak lotsarazteko
Martxelo Otamendi Egunkaria kazetako zuzendari zela atxilotu eta torturatu zuen Guardia Zibilak.
Jose Luis Aizpuru
2026/03/31 11:13

Giza Eskubideen Europako Auzitegiak hamar aldiz zigortu du Espainia tortura salaketak ez ikertzeagatik. Orain zazpi torturatuk, Estrasburgeko auzitegiaren bidea egin ondoren, beren kasuak ireki eta tortura kasuak ikertu daitezela Espainian eskatzen dute, egia eta erreparazioa erdiesteko.


Euskal Herriko Giza Eskubideen Behategiak zazpi torturaturen kasuak salatzeko prest da, baldin eta Espainiako auzitegiek ez badute deus egiten, eta, Nazio Batuen Erakundeak Genevan duen egoitzan pausatuko lukete afera.

Martxelo Otamendiren kasua da zazpi horietako bat. Euskaldunon Egunkariako zuzendari zelarik atxilotu eta torturatu zuen Guardia Zibilak. Espainiako auzitegien bidea agortu ondoren, Europako Giza Eskubideen auzitegian salatu zituen ukan zituen torturak. Epaileak ebatzi zuen Espainiak ez zuela ikertu behar bezala tortura salaketa eta 24 mila euroko isuna ezarri zion Espainiari. Orain ikerketa berriz irekitzeko nahikeria luke Otamendik, nahiz eta ez den oso baikor. "Egia esan ez dugu esperantza handirik Espainiako Auzitegi Nazionalak instrukzio berri bat abiatuko duenik, baina, Nazio Batuen Erakundera jo aurretik, merezi du Espainiako bide hau agortzea. Orain gainera badugu Europako Giza Eskubideen Auzitegiaren bermea".


Egia esan ez dugu esperantza handirik Espainiako Auzitegi Nazionalak instrukzio berri bat abiatuko duenik, baina, Nazio Batuen Erakundera jo aurretik, merezi du Espainiako bide hau agortzea

Nazio Batuen Erakundeko Giza Eskubideen auzitegia Genevan da gaur egun, eta bertara jotzeko nahikeria duela erakutsi du Martxelo Otamendik. "Badakigu Genevako auzitegia ez dela exekutiboa, ez du zigorrik ezartzeko eskumenik, adierazpen hutsa da, baina guretzat indar handikoa da. Zigortuak diren estatuak lotsarazteko balio lezake", gehitu du Egunkariako zuzendari ohiak.

Interesgarri izanen zaizu